Mo Marley Everton taldeko jokalari ohia, 2026ko One-Club Woman saria
Atzelari ingelesak Evertonen jokatu zuen bere ibilbide osoan: 1998an, Premier League irabazi zuen, eta 1989an, FA Cup. Ondoren, Liverpooleko entrenatzailea ere izan zen. Ingalaterrako selekzioarekin ere jokatu zuen Marleyk. Orain, Athleticek saritzea erabaki du.
Mo Marley Everton taldeko jokalari ohiak 2026ko One-Club Woman saria irabazi du, Athleticen eskutik, Bilboko taldeak astearte honetan iragarri duenez. Ingalaterrako atzelari internazionalak Evertonen jokatu zuen futbolari gisa bere ibilbide osoan: 1998an, Premier League irabazi zuen, eta 1989an, FA Cup.
1988an, 21 urte zituela, Leasowe Pacific taldean jokatzen hasi zen Marley. Taldeak Everton Ladies izena hartu zuen gero, eta azkenik, behin betiko izena jarri zioten: Everton FC Women. Athleticek azpimarratu du Marleyk Evertonentzat duen garrantzia; batetik, Goodison Park estadioko areto batek bere izena darama, eta bestetik, zaleek eskatu dute bere omenezko estatua bat egitea.
Bilboko taldearen arabera, Marleyk ezin izango du, hasiera batean aurreikusita zegoen bezala, garaikurra abenduaren 6ko Athletic-Real Madril partidaren atarian jaso, Jean-Luc Ettori 2026ko One-Club Man sarituarekin batera. Nolanahi ere, Evertoneko jokalari ohiak irabazleen zerrenda historikoarekin bat egingo du: Malin Moström (Umea), Pia Wunderlich (1.FFC Frankfurt), Jennifer Zietz (FCC Turbine), Mati Martinez (Albacete Fundazioa), Maria Gstöttner (USV Neulengbach) eta Joelle Murray (Hibernian FC) dira orain arteko sarituak.