Alavesek zapore gazi-gozoko puntua bereganatu du Mestallan (2-2)
Alavesen eta Valentziaren arteko partida bina amaitu da Mestallan. Garaipena eskura izan du Eduardo Coudeten taldeak, baina Valentziak ez du inoiz amore eman, eta berdinketa lortzeko gola 98. minutuan sartu du.
Babazorroek neurketa ona egin dute. Lehen gola partida hasi eta gutxira sartu dute, eta bigarrena, azken txanpan, penaltiz. Carlos Martin eta Joan Jordan izan dira golegileak.
Hala ere, Ruben Barajaren taldeak bi aldiz lortu du partida berdintzea, eta bigarren golak min handia egin dio Alavesi, luzapeneko azken minutuan iritsi baita, hiru puntuak poltsikoan zituenean.
Valentziarentzat hil edo biziko partida zen, azkena baita EA Sports Ligako sailkapenean. Gainera, maila instituzionalean inoiz baino okerrago dago, eta zaleak aspalditik daude klubaren agintarien kontra.
Edonola ere, Alavesentzat ere norgehiagoka garrantzitsua zen. "Chacho" Coudeten aroan, bi berdinketa lortu ditu, eta goraka egiteko garaipena behar zuten. Horrenbestez, neurketa bizi-bizi abiatu da.
Babazorroak atzean sendo jarri dira, eta kontraerasoak azkar joz bilatu dute Dimitrievskiren ate inguruan arriskua sortzea. Hain justu ere, horrela iritsi da Alavesen lehen gola, 6. minutuan. Carlos Vicentek egin du erdiraketa, Kike Garciak orpoz jo du baloia, eta Carlos Martinek sarera bidali du. Jokaldi bikaina eta gol ederra, markagailuan aurretik jartzeko.
Gol horrek haserrea piztu du harmailetan, eta ikusleak txistuka hasi dira, bere taldearen jokoarekin etsita.
Baloiaren jabetza Barajaren taldeak izan du, baina Siveraren atean arrisku nahikorik sortu gabe. Alaves ondo aritu da defentsan, eta hainbat minutuz ez da gauza handirik gertatu. Alabaina, 36. minutuan, Gasteizko taldeak bigarrena sartzeko abagunea izan du. Stoichkovek area ertzetik egindako jaurtiketa bortitza geldiketa ikusgarri batekin aldaratu du Dimitirevskik.
Lehen zatian, Guridi lesionatu egin da, eta bigarrenaren hasieran, Sivera joan behar izan da aldagelara, eskuan min hartuta. Owono zelairatu da haren ordez, eta, nahi gabe, protagonista bilakatu da, penaltia egin baitio Diego Lopezi.
Alberola Rojas epaileak jokaldia monitorean berrikusi behar izan du, eta minutu batzuk igaro dira penaltia adierazi aurretik. Luis Rioja Alaveseko jokalari ohiak hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez du hutsik egin. Gasteizko taldearen zaleei barkamena eskatu die gero, gola sartzeagatik.
Berdinketa lortuta, Valentziak aurrera jo du, emaitza irauli nahian, eta partida zoratu egin da. Joan-etorrian ibili dira bi taldeak, zelai erdian inor nagusitu gabe. Neurketako azken txanpan, baina, beste penalti bat izan da, oraingoan Alavesen aldekoa. Mosquerak Diarrari falta egin dio arean barruan, Joan Jordanek penaltia bikain jaurti du, eta 1-2koa jarri markagailuan.
Epaileak 11 minutuz luzatu du partida, eta luzapenean heldu da Valentziaren bigarrena. Diego Lopezek egin du erdiraketa, eta Dani Gomezek sarera bidali du baloia, Alavesen garaipena zapuztuta.
FITXA TEKNIKOA
2 – Valentzia: Dimitrievski; Foulquier, Mosquera, Yarek, Rioja; Fran Perez (Sergi Canos, 44. min), Guerra (Pepelu, 78. min), Barrenechea (Dani Gomez, 78. min), Diego Lopez; Andre Almeida eta Hugo Duro.
2 – Alaves: Sivera (Owono, 54. min); Pica (Sedlar, 80. min), Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco, Jordan; Carlos Vicente, Carlos Martin (Tomas Conechny, 81. min), Guridi (Stoichkov, 17. min, eta Guevara, 80. min); eta Kike Garcíi.
Golak: 0-1, 7. min: Carlos Martin. 1-1, 70. min: Rioja, penaltiz. 1-2, 88. min: Jordan, penaltiz. 2-2, 98. min: Dani Gomez.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera die Valentziako Mosquerari eta Pepeluri, eta Alaveseko Carlos Martini.
Zure interesekoa izan daiteke
Nahuel Tenaglia: “Gozatu beharreko bolada ona bizitzen ari gara”
Nahuel Tenaglia Alaveseko jokalariak prentsaurrekoa eman du, larunbat honetan Racingen aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egiteko eta taldearen bolada onaz hausnartzeko.
Facundo Garcesek haustura du eskuin belauneko lotailu gurutzatuan
Alaveseko erdiko atzelariari ebakuntza egingo diote, hurrengo egunetan. Garces FIFAk zigortuta dago, baina entrenatzeko baimena zuen, eta, aurreko astean, entrenamendu batean lesionatu zen.
Mariano: “Ligaren hasiera historiko honengatik oso pozik gaude"
Mariano Alaveseko aurrelariak Osasunaren aurkako garaipenaren inguruan hitz egin du eta esan du taldea oso kontentu dagoela egiten ari den denboraldi hasierarekin.
Alavesek azken minutuan galdu du Atleticoren aurkako partida (1-0)
Alavesek 1-0 galdu du Atleticoren aurka Madrilen jokatu duen F Moeve Ligako partida. Jensenek 90. minutuan sartu du etxekoen gola. Aurrez, lehen zatian, Atleticok penalti bat huts egin du eta epaileak baliorik gabe utzi du Andrea Gomezek Alavesentzat egindako gola, jokoz kanpokoa adierazita.
Mikel Rodriguezek lotailu-haustura daukala baieztatu du Alavesek
Erdilari gipuzkoarra osteguneko entrenamenduan lesionatu zen, eta datozen hilabeteetan bajan izango da.
Quique Sanchez Flores: “Igandeko partida Mikelentzat izango da"
Alavesek denboraldiko lehen derbia jokatuko du igande honetan Osasunaren aurka, Mikel Rodriguezen lesioak baldintzatuta. Quique Sanchez Floresek onartu du aurrelaria nekez egongo dela jokatzeko moduan, eta Izei izango dela lehen aukera, nahiz eta Toni Martinezi atea irekita mantentzen dion, partidaren aurreko sentsazioen bilakaeraren zain.
Sergio Fernandez, Alaveseko kirol zuzendaria: “Badakigu Antonio Blancok klub askoren arreta erakartzen duela"
Fernandez jokalariez eta fitxaketa merkatuko azken mugimundiez aritu da. Horren harian, lehentasun nagusiak Antonio Blanco eta Ander Guevararen kontratu berritzeak direla azpimarratu du.
Alaves garaipenarekin estreinatu da Lehen Mailan (2-0)
Alavesek 2-0 irabazi dio Valentziari igande honetan, Mendizorrotzan, Moeve Ligako lehen jardunaldian, Kumba Brimaren eta Ainhoa Guallarren golei esker. Gasteizko taldeak hasiera ona eman dio maila goreneko estreinaldiari.
Lucas Boye: “Oso pozik nago taldeagatik, hiru puntuengatik, eta izan dugun hasieragatik"
Quique Sanchez Floresen Alavesek azken 25 urteetako hasierarik onena egin du. Bederatzi puntutik zazpi lortu ditu Vila-real mendean hartuta (1-0), Lucas Boyeren golari esker.
Alaves 1-0 garaitu du Vila-real Boyek bultzatuta
Argentinarraren golak bigarren garaipena eman die babazorroei, Liga hasiera bikainari jarraipena emanez.