EA SPORTS LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alavesek garesti ordaindu ditu Celtaren aurka egindako akatsak (2-1)

Talde babazorroak defentsan egindako hutsegiteak baliatu ditu Celtak bere bi golak egiteko. Novoak gol ikusgarria sartu du 86. minutuan, eta Alaves berdinketa lortzear egon da luzapenean, baina Raduk geldiketa erabakigarriak egin ditu.
VIGO, 18/10/2026.-El jugador del Celta Aspas pugna por un balón con el jugador del Alavés Kalului, durante el partido de la jornada 9 de LaLiga entre el Celta de Vigo y el Alavés, este domingo en el Estadio Abanca-Balaídos.- EFE/ Salvador Sas

Iago Aspas baloiarekin, Alaveseko bi jokalariren begiradapean. Argazkia: EFE

Deportivo Alavesek 2-1 galdu du Celtaren aurka Balaidosen jokatu duen EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida, atzealdean egindako akatsak larrutik ordainduta. Gaurkoarekin, 5 neurketa pilatu ditu Gasteizko taldeak garaipenik lortu gabe.

Claudio Giraldezen taldea ez da Alaves baino gehiago izan, baina ondo baliatu ditu defentsa babazorroak emandako erraztasunak, eta ezer gutxi eginda jarri da bi goleko errentarekin markagailuan.

Neurketaren azken txanpan, Novoak gol ikusgarria sartu du, eta luzapenean berdinketa lortzeko zorian izan dira, baina Raduk geldiketa erabakigarriak egin ditu, eta Gasteizko taldea esku-hutsik itzuliko da etxera.

Lehendabiziko zatia ez da apartekoa izan, bi taldeak ordenatuta aritu baitira zelaian. Celta erritmo biziagoarekin hasi da, baina talde babazorroak ondo eutsi dio, eta baloiaren jabe egin da.

Edonola ere, gol aukera gutxi sortu ditu. Abagune garbiena Lucas Boyek izan du, baina haren burukada erraz harrapatu du Raduk atepean. Eta horixe izan da jokaldi nabarmenena lehen zatian.  

Atsedenaldiaren ostean, baina, norgehiagokaren gidoia erabat aldatu da. Erasoko jokoan ezer berezirik egin gabe, Celta laster jarri da 2-0eko abantailarekin markagailuan.

Lehenengo gola Ferran Jutglak egin du 53. minutuan. Javi Rodriguezek pase bikaina eman dio, baloia Alaveseko atzelarien erdi-erditik pasatu da, eta aurrelari katalanak ez du barkatu Antonio Siveraren aurrean.

Gol horrek min egin dio Quique Sanchez Floresen taldeari, eta, une horretatik aurrera, Alavesek partidaren gaineko kontrola galdu du eta hutsegiteak egiten hasi da.

Horrela, 70. minutuan iritsi da Celtaren bigarrena. Javi Rodriguez Alaveseko hiru jokalariren artean sartu da area barruraino, eta baloia behetik jaurtita gainditu du Sivera.

Konturatu orduko, neurketa aldapa gora jarri zaio Alavesi, eta azken txanpan Novoak, sekulako gola sartuta, 2-1ekoa egin badu ere, ezin izan dio markagailuari buelta eman. Luzapenean pare bat gol aukera izan ditu berdinketa lortzeko, baina Radu bikain ibili da, eta geldiketa erabakigarriak egin ditu.

Hortaz, Gasteizko taldeak bigarren partida jarraian galdu du EA Sports Ligan, eta dagoeneko bost jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe.

1-0: Jutglaren gola

2-0: Javi Rodriguezen gola

1-2: Novoaren gola

Publizitatea
X
Publizitatea
X