EA SPORTS LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alaves Atletico baino gutxiago izan da Mendizorrotzan (1-2)

Epaileak Angel Perez egotzi du bigarren zatian, partida 1-1 zihoanean, eta Alavesek jokalari bat gutxiagorekin jokatu du partidaren azken ordu erdia. Marianok bigarrena sartzeko aukera izan du 84. minutuan, baina ez du asmatu, eta Atleticok hurrengo jokaldian egin du 1-2koa. 

VITORIA, 10/10/2026.- El futbolista del Atlético de Madrid Giulano Simeone (iI lucha por el balón con Abde Rebbach (d), del Deportivo Alavés, durante su partido de la jornada 8 de LaLiga EA Sports disputado en el Estadio de Mendizorroza, en Vitoria, este sábado. EFE/ Adrián Ruiz Hierro
Giuliano Simeone eta Abde, baloian lehiatzen. Argazkia: EFE

Deportivo Alavesek 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka gaur Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako 8. jardunaldiko partida. Babazorroak jokalari bat gutxiagorekin aritu dira azken ordu erdian, epaileak Angel Perez egotzi duelako, markagailuan 1-1ekoa zegoenean.

Edonola ere, eta egiari zor, Madrilgo taldeak merezitako garaipena lortu duela esan daiteke, hasieratik bukaeraraino nagusi izan delako zelaian, Alavesek ez baitu eman etxean ohiko duen maila.

Atletico Madril Alaves baino askoz gehiago izan da lehen zatian, eta Grimaldok sartutako gol ederrarekin aurreratu da markagailuan Cholo Simeoneren taldea. Lehen zatia bukatu aurreko minutuetan, baina, Gasteizko taldeak aurrerapausoa eman du, eta markagailua berdinduta zela joan dira jokalariak atsedenaldira.

Le Normandek penaltia egin dio Toni Martinezi, eta Quintero Gonzalez epaileak horrela adierazi du, VAReko epaileak jokaldia hainbat minutuz berrikusi ostean. Lucas Boyek jaurti du penaltia, eta ez du hutsik egin. Bikain engainatu du Oblak, eta baloia erdi-erditik sartu da atean.

Bigarren zatian, gidoia errepikatu egin da. Baloiaren jabetza Atleticorena izan da, eta, gainera, 60. minutuan, neurketa aldapa gora jarri zaio Alavesi, jokalari bat gutxiagorekin geratu baita.

Angel Perezek falta gogorra egin dio Julian Alvarezi area ertzean, eta epaileak egotzi egin du. Hasiera batean, txartel horia atera dio, baina jokaldia VARean berrikusi ostean, erabaki zuzendu, eta txartel gorria erakutsi dio Alaveseko jokalariari. 

Julian Alvarezek berak egin du falta jaurtiketa, eta Atleticoren bigarrena sartzeko zorian izan da: baloia kanpora joan da, zutoina jo eta gero.

Bat gutxiagorekin aritu arren, Quique Sanchez Floresen taldeak ondo eutsi dio Atleticoren oldarraldiari, eta 84. minutuan Marianok 2-1ekoa egiteko aukera izan du, baina baloia oso gaizki jo du, eta kanpora joan zaio.

Hurrengo jokaldian iritsi da koltxoneroen erantzuna. Alex Baenak erdiraketa bikaina egin du, eta Cuti Romerok baloia sarera bidali du, errematea buruz eginda. Gol horrek min handia egin dio Alavesi, eta Mendizorrotza isilarazi du. 

Arauzko denbora agorttuta, epaileak 6 minutu luzatu du partida, baina ez da aparteko ezer gertatu. Hamarren kontra uste baino gehiago kostata izan bada ere, Atleticok 3 puntuak eskuratu ditu. Alavesek, berriz, laugarren partida pilatu du garaipenik gabe. 

0-1: Grimaldoren gola

1-1: Lucas Boyeren gola

1-2: Cuti Romeroren gola

Publizitatea
X
Publizitatea
X