Samuren golek eta Siveraren geldiketek garaipen bikaina eman diote Alavesi Almerian (0-3)
Alavesek 0-3 menderatu du Almeria, ostiralean, Power Horse Stadium zelaian, EA Sports Ligako 22. jardunaldian. Samu Omorodionek (bitan) eta Luis Riojak (penaltiz) egin dituzte Gasteizko taldeari garaipena eman dioten golak. Samu eta Antonio Sivera atezaina bikain ibili dira, eta gakoak izan dira Alavesek hiru puntuak eskuratzeko; hala, Arabako taldeak lau partida jarraian daramatza Ligan galdu gabe, azken hiruretan irabazi egin du, eta, txapelketako une honetan, 26 puntu ditu, dagoeneko, urtarrilean emaitza bikainak erdietsita.
Almeria-Alaves partidaren laburpena (0-3)
Etxeko taldea indartsu sartu da partidara, presio ona eginez eta zelai erdia kontrolpean izaten ahaleginduz, baina Alavesek berehala utzi du argi zergatik dabilen bolada oso onean. Hamargarren minutuan, Luis Garcia Plazaren gizonek baloia berreskuratu dute, Almeriaren aldeko falta baten ostean, eta Samuk hasi du kontraerasoa; aurrelariak eskuinera pasatu du, eta Carlos Vicentek, oso trebe, pase sakon ederra eman dio Samuri berari. Azken horren indarraren eta abiaduraren ondorioz iritsi da gola.
Almeriak lanean jarraitu du, eta Siveraren atera hurbiltzen saiatu da; lehen zatian, hala ere, ia-ia ez du arriskurik sortu. Alaveseko atezainak bi geldiketa polit egin ditu; bereziki nabarmentzeko modukoa izan da 44. minutuan egindakoa, Adrian Embarbak urrundik ateratako falta batean.
Almeriaren arean, Samuk abagune ona izan du 32. minutuan, Jon Guridik ezkerretik egindako jokaldi batean. Gipuzkoarrak erdiraketa egin, eta Samuk jaurti du, gutxigatik kanpora. Hala, atsedenaldian, euskal taldeak aldeko markagailua zuen, baina bazirudien berdegunean oraindik lan handia egin beharko zuela garaipena poltsikoratzeko.
Aurreneko zatian ikusitakoak jarraipena izan du bigarrenean. Almeriak anbizioa erakutsi du, eta ahalegin handiak egin ditu gola sartzeko, baina ez du asmatu; Alavesek, aldiz, kontrakoa egin du. Sivera eta Samu oso ondo aritu dira, Alavesek izan dituen aukerak baliatu eta gauzatu ditu, eta bi gol gehiago egin ditu.
0-2koa 52. minutuan izan da, eta Luis Riojak lortu du, penaltiz. Ezker hegalekoak ezin hobeto jaurti du penaltia, baina golaren meritu handiena Samuk izan du. Aurrelari gazteak Siveraren sake oso trebea jaso, aurrera egin du, eta Almeriaren arearaino heldu da. Alavesek, hala, guztiz alde jarri du norgehiagoka, jokaldi horretan.
Antonio Siverak bigarren zati paregabea egin du. Almeriak lauzpabost abagune oso argi izan ditu, erremate onak eginez gainera, eta atezainaren erantzuna bikaina izan da. Hori gutxi balitz bezala, Samuk, 88. minutuan, baloia arean kontrolatu, eta ezkerrez jaurtiketa bortitza eginez, Alavesen hirugarren gola egin du. Hiru puntuak ziurtatu ditu horrela Alavesek, eta Gasteizko taldearen bolada ederrak ez du etenik izan.
Fitxa teknikoa
0 - Almeria: Luis Maximiano; Pubill, Chumi, Cesar Montes, Akiemev (Centelles, 55. min); Edgar (Melero, 55. min); Arribas (Luka Romero, 78. min), Lopy, Robertone, Embarba eta Baptistao (Marezi, 55. min).
3 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 76. min), Rafa Marin, Duarte, Javi Lopez; Guevara, Blanco; Carlos Vicente (Parada, 89. min), Guridi (Benavidez, 61. min), Luis Rioja (Sola, 76. min) eta Samu (Guliano, 89. min)
Golak: 0-1, 10. min: Samu. 0-2, 52. min: Luis Rioja, penaltiz. 0-3, 88. min: Samu.
Epailea: Ortiz Arias (Madril). Almeriako Edgar eta Alaveseko Gorosabel eta Guevara zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: Lehen Mailako Ligako (EA Sports Liga) 22. jardunaldiko partida, Power Horse Stadium futbol zelaian.
Zure interesekoa izan daiteke
Miguel Rodriguez: “Entrenatzaileak eskatutako postuan, eroso izango naiz: bigarren aurrelari, eskuineko hegalean…”
Alavesen fitxaketa berria Herbehereetako Utrecht taldetik iritsi da Gasteizera, eta astelehenean aurkeztu dute. Miguel Rodriguezek ilusio handia du euskal taldean aritzeko aukeragatik.
Alavesek garaipena lortu du Castelloren aurka udako hirugarren lagunartekoan (0-3)
Alaves bolada onean dabil. Gasteizko taldeak udako hirugarren lagunartekoa jokatu du Castelloren aurka, eta 0-3ko emaitzarekin nagusitu da. Lucas Boyek egin ditu lehen bi golak, lehena penaltiz, eta Mariano Diazek sartu du hirugarrena.
Sarah Brasero ingelesak Alavesen erasoa sendotuko du
23 urtez azpiko Ingalaterrako selekzioarekin jokatutakoa, West Ham taldetik iritsi da Gasteizera. Ipswich Town taldean hezia, Braserok Espainiako eta Portugaleko nazionalitatea ere badu.
Alavesen jokalariak “etsita eta haserre" daude klubaren kudeaketarekin, igoera-saria dela eta
Jokalariek Futpro elkartearen bidez azaldu dute euren jarrera. Gainera, argitu dute oharrarekin ez dutela "liskarrik sortzea" bilatzen, "egoera nola bideratu den ikusita" euren etsipena agertu baizik.
Miguel Rodriguezek Alavesen jokatuko du 2031ra arte
23 urteko gazte galiziarra Holandako Utrecht taldetik dator Gasteizera.
Alavesek Girona garaitu du udako bigarren lagunartekoan (0-1)
Alavesek 0-1 garaitu du Girona La Vall d’en Basen jokatu duen denboraldiaurreko bigarren lagunartekoan. Norgehiagokako gol bakarra Alvaro Garciak sartu du azken txanpan, korner bat buruz errematatuta.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.
Andrea Esteban: “Helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da, ahalik eta azkarren”
Alaveseko jokalariak aurredenboraldi gogorra egiten ari dira. Andrea Esteban entrenatzaileak F Ligan berriro jokatzeko egiten ari diren lanaz hitz egin digu, baita taldearen helburuak zeintzuk diren azaldu ere.
Daouda Doumbia erdilariak NK Istra kroaziarrean jokatuko du
NK Istra Alavesen jabetzakoa da % 85ean.