3. jardunaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sevillak eta Barçak uste baino gehiago sufrituta lortu dituzte garaipenak

Bartzelonak irabazi dio Dinamo Kievi (2-1) eta Sevillak mendean hartu du Krasnodar. Manchester Unitedek porrota jaso du Istanbulen aurka (2-1) eta PSGk galdu egin du Leipzigen kontra (2-1).
En-Nesyri
En-Nesyri, Sevillarekin Krasnodarri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak gainditu du jada multzoen faseko hirugarren jardunaldia, asteazken honetan E, F, G eta H multzoetako taldeek jokatu dituzten partidekin. Ezusteko emaitza batzuk eman dira.

Bartzelonak garaipena lortu du Dinamo Kieven aurka (2-1) uste baino gehiago sufrituta; Ter Stegen Barçako atezainak eragotzi du talde ukrainarraren garaipena, partida bikaina eginda. G multzoko partidan, Juventusek mendean hartu du Ferencvaros (1-4). Barça da liderra 9 punturekin, Juventus bigarren 6 punturekin eta puntu bana dute Dinamo Kievek (hirugarren) eta Ferencvarosek (laugarren).

Bestalde, Sevillak irabazi egin du Krasnodarren kontra (3-2) jokatu duen neurketa, bi goleko desabantailari buelta emanda. Chelsea aise nagusitu da Rennesen aurka (3-0). Ondorioz, Chelsea (7 puntu) da E multzoko liderra, bigarren den Sevillarekin (7 puntu) berdinduta. Krasnodar (puntu 1) da hirugarren eta Rennes (puntu 1) laugarren.

F multzoan Borussia Dortmundek irabazi egin du Brugge taldearen aurka (0-3) eta Zenit-Lazio norgehiagoka bana berdinduta (1-1) amaitu da. Borussia Dortmund (6 puntu) da liderra, Lazio (5 puntu) bigarren, hirugarren taldean da Brugge (4 puntu) eta Zenit (puntu 1) azkena da.

Eguneko ezustekoak H multzoan eman dira. Manchester Unitedek galdu egin du Istanbul Basaksehirren aurka (2-1) eta PSGk porrota jaso du Leipzigen eskutik (2-1). Gauzak horrela, multzoa estutu egin da: Manchester United (6 puntu) da lehen postuan, bigarren den Leipzigekin (6 puntu) berdinduta. PSG (3 puntu) hirugarren da, eta laugarren postua betetzen du Istanbul Basaksehirrek (3 puntu).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X