Brimaren golak luzapenean eman dio garaipena Alavesi (2-1)
Alavesek 2-1 garaitu du Eibar Moeve F Ligako 11. jardunaldian. Kumba Brimak sartu du garaipenaren gola, Carmen Alvarezek berdinketa lortu ostean.
Carmen Sobronen golaren ospakizuna. Argazkia: Deportivo Alaves
Deportivo Alavesen eta SD Eibarren arteko euskal derbia, Mendizorrotzan jokatutakoa, euri-jasak baldintzatu du. Lehen minutuetan ia ez da abagune argirik izan, nahiz eta Alavesek agintea izan duen lehen zatiaren zati handi batean. Gero eta nagusitasun handiagoa hartu du, eta maizago iritsi da aurkariaren areara. 27. minutuan iritsi da lehen zatiko gol bakarra: Carmen Sobronek eskuinarekin errematatu du area erditik, eta ezker zutoinaren ondotik sartu du baloia ate barrura. Handik gutxira, golegileak min hartu du hankan, Adela Ricoren sarrera batean; armaginak txartel horia jaso du. Nayadet Opazok txartel horia ikusi du 23. minutuan, eta Sara Martin armaginak 35.ean.
Lehen zatiaren azken txanpan, Eibar aurrerapausoa ematen saiatu da, eta hurbilketaren bat izan du, baina Sofia Fuentek berdinketa eragotzi du korner jaurtiketa batean. Samara Ortiz ere artatu behar izan dute, aurpegian kolpe bat jaso ostean. Alaves markagailuan aurretik zela joan da atsedenaldira (1-0).
Atsedenaldiaren ostean, Eibarrek pauso bat eman du aurrera, eta erasoan protagonismoa hartu du. 66. minutuan, Mireia Masegur berdinketa lortzetik gertu egon da, baina errematea kanpora joan zaio. Babazorroek ere abantaila handitzeko abaguneren bat izan dute, baina armaginen defentsak bigarren gola saihestu du.
Bisitarien ekinak saria izan du 78. minutuan. Carmen Alvarezek eskuinarekin sartu du gola area erditik, eta berdinketa jarri du markagailuan (1-1). Partida joan-etorriko fase batean sartu da orduan, eta arriskua sumatu da bi aldeetan. Derbia berdinduta amaituko zela zirudienean, 85. minutuan Kumba Brima sartu da berdegunera, eta 93. minutuan partida erabaki duen 2-1eko gola sartu du. Maria Carvajalek txartel horia ikusi du azken minutuetan, Andrea Gomezi sarrera bat egin ostean. Azkenik, Alavesek hiru puntuak eskuratuta bukatu da partida.