Sindikatuek eta F Ligak akordiorik gabe jarraitzen dute, bigarren jardunaldian greba saihesteko
Asteartean egindako bilera amaituta, F Ligako greba deitu duten sindikatuek eta patronalak akordiorik adostu gabe jarraitzen dute, eta, hortaz, asteburuan jokatzekoa den txapelketako bigarren jardunaldirako greba deialdiak indarrean jarraitzen du; bi aldeek beste bilera bat egingo dute asteazkenean, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan.
FUTPRO, AFE, Futbolistas ON, CCOO eta UGT sindikatuak hirugarrenez bildu dira F Ligarekin Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan, baina, negoziazio luzea izan arren, ezin izan dute egoera desblokeatu. 20:00ak aldera, alde bakoitzak bitartekariekin hitz egin ostean, bideodeia egin dute futbolariekin, proposamen bat egitea helburu.
Oraingoz, ez dago akordiorik. Sindikatuek jokalariei helarazi diete bitartekarien proposamena, eta F Ligak klubei azaldu die. Azken proposamen horren arabera, jokalarien gutxieneko soldata 21.000 eurotik 23.000ra igoko litzateke hiru denboralditan.
Bi aldeek asteazkenean egingo duten bilera 15:00etan hasiko da, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan, beste behin.