EA SPORTS LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alavesek Osasuna airean ibili du, Lucas Boyek partida ikusgarria eginda (5-2)

Alavesek ondo merezita irabazi du Osasunaren aurkako derbia Mendizorrotzan, eta bigarren kokatu da ligako sailkapenean. Lucas Boye izan da protagonista nagusia, hiru gol sartuta. Talde gorritxoaren bi golak, berriz, Ante Budimirrek egin ditu.

Vitoria, 06/09/2026.- El delantero argentino del Alavés, Lucas Boyé, celebra el primer gol del equipo vitoriano durante el encuentro correspondiente a la cuarta jornada de Laliga EA Sports que disputan este domingo Alavés y Osasuna en el estadio de Mendizorroza, en Vitoria. EFE / ADRIAN RUIZ HIERRO.
Lucas Boye, Osasunari sartutako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek 5-2 irabazi dio Osasunari igande honetan Mendizorrotzan jokatu duten EA Sports Ligako partidan. Euskal derbia hasieratik bukaeraraino zirraragarria izan da, eta Lucas Boye izan da protagonista nagusia, bere ibilbide profesionalean lehen aldiz hiru gol sartuta. 

Aipatzekoa da, baita ere, Alavesek bere historiako hasierarik onena izan duela ligan, 12 puntutik 10 bilduta. Babazorroak bigarren tokian kokatu dira sailkapenean, eta aurretik Flicken Bartzelona baino ez daukate. 

Bestalde, Ante Budimirrek bi gol sartu ditu, baina gutxirako balio izan du horrek, Osasuna une oro atzetik joan baita markagailuan, neurketa iraultzeko ahalmen nahikorik erakutsi gabe. 

Partidaren laburpena:

Norgehiagoka erritmo handiarekin abiatu da. Talde babazorroarena izan da ekimena, baloiaren jabetza bere eginda; Osasuna, berriz, atzean kokatu da, eta trantsizio azkarren bidez saiatu da aurkaria ezustean harrapatzen.

Horrela, partidako lehen gol aukera garbia Ante Budimirrek izan du, 3. minutuan, baina Siverak bikain gelditu du aurrelari kroaziarraren errematea, eta hortik aurrera ezer gutxi egin du Iruñeko taldeak.  

Alavesen erantzuna, berriz, 20. minutuan iritsi da, korner batean. Sergio Herrerak ez du ondo alboratu Angel Perezen erdiraketa, eta Boyomok ozta-ozta urrundu du baloia, ate barrura zihoanean.

Abisu horren ostean, handik gutxira egin du 1-0ekoa Quique Sanchez Floresen taldeak. Lucas Boyek sartu du, area kanpotik jaurtiketa bortitza eginda.

Etxekoen bigarrena Marianok sartu du, 35. minutuan, Catenak defentsan egindako akatsa baliatuta. Osasunako atzelariak ez du distantzia ondo neurtu, Marianok baloia lapurtu dio, eta honek area ertzetik egindako jaurtiketa sareraino joan da.

Hamar minututan jasotako bi gol horiek min handia egin diote Luis Miguel Ramisen taldeari, eta gorritxoek maila jaitsi dute. Alaveseko jokalariak, ostera, indarrean aritu dira epaileak lehen zatia amaitutzat eman duen arte.  

Bigarren zatiaren hasieran, baina, Osasunak eman du ezustekoa, Budimirrek lehen minutua bete orduko sartu baitu gola, Moi Gomezek egindako erdiraketa buruz bikain errematatuta.

Alabaina, handik gutxira gol ikusgarria sartu du Lucas Boyek, eta Alavesek berriro handitu du aldea. Aurrelari argentinarrak urrunetik astindu du baloia, eta Sergio Herrerak ezin izan du ezer egin hura gelditzeko.  

62. minutuan, Ottok Budimirri egindako penaltia adierazi du epaileak. Aurrelari gorritxoak hartu du penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez du barkatu: 3-2.

Edonola ere, gutxi iraun dio pozak Osasunari. Bost minutu geroago iritsi baita 4-2koa. Lucas Boyek hirugarrenez zulotu du Sergio Herreraren atea, oraingo honetan, buruz. Bosgarrena, berriz, 90. minutuan iritsi da. Pablo Ibañezek sartu du. Ordurako Osasuna amore emanda zegoen.

Deportivo Alavesek ezin hobeto hasi du denboraldia, eta Mendizorrotzako zaleak ilusioz gainezka daude.

1-0: Lucas Boyeren gola

2-0: Marianoren gola

2-1: Ante Budimirren gola

3-1: Lucas Boyeren gola

3-2: Ante Budimirren gola

4-2: Lucas Boyeren gola

5-2: Pablo Ibañezen gola

Publizitatea
X
Publizitatea
X