Ligan 26/27 denboraldian izango diren arau berriei buruz jakin beharreko guztiak
Epaileen Batzorde Teknikoak datorren denboraldirako arau berriak argitaratu ditu, eta, besteak beste, denbora-galerak saihesteko ekimenak eta VAR protokoloan egin beharreko aldaketak jaso ditu.
Ortiz Arias epailea, Valentzia eta Athleticen arteko partida batean txartel gorria eskuan duela. Argazkia: Europa Press.
Futbola ez da gelditzen. Hilabete ere ez da pasatu Munduko Txapelketa amaitu zela, eta lehen mailako futbola, ligaren 26/27 denboraldiarekin, hastear dugu jada. Lehiaketa abuztuaren 15ean hasiko da Alaves–Getafe partidarekin, Mendizorrotzan, 19:30ean. Dena prest dago berriro denboraldi zirraragarri bat abiatzeko, baita arbitratzeko arau berriak ere, jokoan dinamismo handiagoa bilatzeko. Baina ezagutzen al dituzu indarrean sartuko diren arau berri guztiak? Berritasun guztiak errepasatuko ditugu jarraian.
Zenbat denbora du ordezkatutako jokalari batek zelaia uzteko?
Denboraldi berrirako lehen berritasuna jokalari bat taldekide batek ordezkatzen duenean zelaia uzteko denbora-mugarekin lotuta dago. Epaileen Batzorde Teknikoaren arabera, ordezkatutako jokalariak "ordezkapen-kartela erakusten denetik edo, kartelik ez badago, epaileak adierazten duenetik, 10 segundoko epea izango du zelaia uzteko, ordezkapena egin dadin".
Ildo horretan, ordezkapena 10 segundoan egin ezean (segurtasun arrazoirik edo lesiorik ez badago horretarako), jokalariak zelaia utzi beharko du, "baina ordezkoa ezingo da zelairatu jokoari berriro ekin eta minutu bat igaro arte".
Gainerakoan, "ordeztuko den jokalariari zigorra ezarriko zaio, 10 segundo baino gehiago atzeratzen badu berriz jokatzen hastea. Ordezkapena ezingo da ezeztatu eta ezin izango da ordezkatzeko beste jokalari bat erabili", gehitu du. "Ordezkoaren zelairatzea atzeratzen bada, ordezkatutako jokalariak zelaia utzi ondoren ordezkatuko da. Beraz, ordezkatutako jokalariak txartel gorriarekin zehatu daitekeen arau-hauste bat egiten badu ordezkatu ostean, ordezkoak partidan parte hartzen jarraitu ahal izango du", azaldu dutenez.
Atezain bat ordezkatu behar izanez gero, "atezainak ateko marra ondotik utzi beharko du zelaia. Denbora gehiegi behar badu, ordezkoari berehala sartzen utziko zaio eta atezainari ezarriko zaio zigorra", horren arabera. Hainbat aldaketa aldi berean daudenean, "ordeztuko diren jokalari guztiek zelaia utzi beharko dute azken ordezkapena adierazten denetik 10 segundoko epean", azaldu du epaileen batzordeak.
Vinicius eta Rodrygo aulkira bidean, Betisen aurkako partidan ordezkatuak izan ostean. Argazkia: Europa Press.
Zer gertatuko da arreta medikoa jasotzen duten jokalariekin?
Lesioei dagokienez, zelai barruan tratatzen den jokalari batek, edo jokoa gelditzea eragiten duen jokalari batek, edo berriz hastea atzeratzen duen jokalari batek, "zelaia utzi eta minutu batez kanpoan egon beharko du, jokoari berriro ekin ondoren", epaileen hitzetan.
Hori bai, salbuespentzat hartuko dira, "besteak beste, arreta medikorik behar ez izatea, jokaldian edo etenaldi batean borondatez irtetea, baldin eta jokoa berriz hastea atzeratzen ez bada; atezaina izatea; talde bereko hainbat jokalariren arteko norgehiagoka izatea; buruan kolpeak ematea; edo odoljarioak izatea", argitu du.
Gainera, International Football Association Board (IFAB) erakundeak, futbolaren arauak kudeatzen dituen erakundeak, baimena eman dio Espainiako Epaileen Batzorde Teknikoari proba batzuk egiteko, aurkariaren erritmoa hausteko edo denbora irabazteko asmoz atezainen balizko lesioak kudeatzeko. Heburua da jokoa dinamikoagoa izatea, eta, horren arabera, entrenatzaileak aukeratutako zelaiko jokalari batek minutu batez utzi beharko du zelaia, epaileak esanez gero.
Luka Sucic, partida batean min hartuta, Realeko zerbitzu medikoekin batera zelaitik ateratzen. Argazkia: Europa Press.
Nola aplikatuko da abantailaren legea?
Oinarrizko arauak orain arte bezala jarraituko du, baina talde batek abantaila lortzen badu jokoari modu desegokian berrekitean, eta kontrako taldeak baloia berehala lortzen badu, epaileak jokaldiari jarraitzen utz diezaioke abantaila aplikatuz. Hau da, errore bat beste errore edo legezkontrakotasun batekin konponduko da, lehen hutsegitea konpentsatzeko.
Aldaketa teknikoen artean, era berean, jokoa gelditu ez bada jokoan gertatutako zerbaitengatik (falta batengatik, baloia albotik ateratzeagatik edo antzeko zerbaitengatik), baloia ustez jabetza mantendu edo berreskuratu duen taldeari emango zaio epaileak baloia lurrean utzita.
Iosu Galech epailea. Argazkia: Europa Press.
Zer gertatuko da denbora-galerekin?
Albotik eta atetik baloia jokoan jartzea atzeratzen duten taldeak zigortu ahal izango ditu epaileak. Alboko sakeen kasuan, baloiaren jabetza kontrako taldeari eman ahal izango dio. Ateko sakeetan, aldiz, aurkariaren aldeko kornerra adierazi ahalko da.
Unai Simon, partida batean baloia jokoan jartzen. Argazkia: Europa Press.
Zer gertatuko da baloia eskuarekin nahita ukitzen badu jokalari batek?
Ateko sakeetan baloia atezain batek jokatzen badu eta taldekide batek gero eskuarekin edo besoarekin arean nahita ukitzen badu, epaileak penaltia adieraziko du. Erabaki hori Atletico Madrilek eta FC Bartzelonak 25/26 denboraldiko Txapeldunen Ligako final-laurdenetan jokatu zuten norgehiagokaren ondorio da. Marc Pubillek baloia eskuekin hartuta gelditu zuen, Juan Musso atezainak baloia jokoan jarri ostean.
Ba al dago aldaketarik VAR protokoloan?
Berritasun nagusietako batek VAR protokoloari eragingo dio. Protokolo horrek esku hartu ahal izango du, epaileak okerreko jokalari bati erakutsi badio txartel horia edo gorria. Berrikuspenak zehatutako futbolariaren nortasuna zuzentzeko aukera emango du, baina ez arau-haustea bera, berrikusi daitezkeen kasuren baten barruan sartzen ez bada, hala nola golak, penaltiak edo txartel gorri zuzenak.
Gainera, VARak argi eta garbi gaizki emandako kornerrak ere zuzendu ahal izango ditu, berehala eta berriz jokoa ekin aurretik bada, baita bigarren txartel horiak berrikusi ere, argi eta garbi okerra den erabaki batek eragin badu.
Jose Luis Guzman, Osasunaren partida batean VAReko irudiak ikusten. Argazkia: Europa Press.
Zer gertatuko da Munduko Txapelketan aplikatzen hasi zen 'Vinicius Legearekin'?
Halaber, Epaileen Batzorde Teknikoak irizpidea ezarri zuen berdeguneetan gero eta ohikoagoa den irudi baten gainean: taldekide edo aurkariekin hitz egiteko orduan futbolari batek ahoa estaliz gero. Arbitraje-erakundeak ez du jokabide hori, berez, norbait kanporatzeko arrazoitzat hartuko, baina ohartarazten du txartel horiarekin zigortu ahal izango dela konfrontazio, protesta edo antzeko egoera batean gertatzen bada, hau da, komunikazioa ezkutatzeko asmoz egiten bada. Era berean, gogorarazi duenez, geroago frogatzen bada jokalari batek ahoa estali duela hizkuntza iraingarria edo abusuzkoa erabiltzeko, diziplina-organoek jardun ahal izango dutela zigorren bat ezartzeko.
"Vinicius Legea" izenarekin ezagutzen den lege horrek zalaparta handia sortu zuen azken Munduko Txapelketan, Miguel Almiron paraguaitarra eta Piero Hincapié ekuadortarra kanporatu baitzituzten ahoa estalita aurkari bati hitz egiteagatik. 25/26 denboraldiko Txapeldunen Ligako Benfica eta Real Madrilen arteko norgehiagokak eragin zuen neurri hori, Prestianni argentinarrak irain arrazistak egin zizkiolako Viniciusi, ahoa kamisetarekin estali ostean, kameren bidez ezpainak irakurrita zer esan zion ikus ez zezaten.
Prestianni argentinarra Viniciusi hitz egiten bere kamisetarekin ahoa estaliz. Argazkia: Europa Press.
Munduko Txapelketan bezala, izango al da hidrataziorako etenaldirik?
Epaileen Batzorde Teknikoak jakinarazi du hidratatzeko etenaldiak egingo direla 32 ºC-tik gorako tenperaturak direnean, partida hasi baino lehen aurreikusiz gero. Ez da etenaldi berezirik egingo baina epaileak edateko aukera emango die jokalariei jokoaren etenaldi naturaletan, bero egiten badu.
Munduko Txapelketan hidratatzeko egindako etenaldi bat. Argazkia: Europa Press.
Zure interesekoa izan daiteke
Unai Nuñezek Espanyolen jokatuko du utzita
Sestaoko atzelariak Celtak utzita jokatuko du 2026-2027 denboraldia talde kataluniarrean.
EA Sports Ligako 4. jardunaldiko Alaves-Osasuna derbia irailaren 6an jokatuko dute, igandez, 18:30ean
Denboraldiko aurreneko derbia izango da. Jardunaldi horretan bertan, Athletic Atletico Madrilen aurka arituko da, hilaren 5ean, larunbatez, 16:15etik aurrera, eta astelehenean, hilaren 7an, Elx-Reala partida izango da, 21:30ean hasita.
Rayok ezin izango du Vallecasen jokatu, Madrilgo Gobernuak kontzesioa bertan behera utzi baitu
"Segurtasun gabezia larriak" daudela argudiatu du Madrilgo Gobernuak. Rayo Vallecano "harrituta" azaldu da Kultura, Turismo eta Kirol sailaren erabakiarekin. Javier Tebas Ligaren presidenteak adierazi duenez, Rayok beste futbol-zelai bat du erabilgarri, baina ez du zehaztu zein. Bestalde, Tebasek ez du zalantzan jarri Madrilgo Gobernuaren erabakia.
Alaves-Getafe partida, abuztuaren 15ean, 19:30ean, 2026-2027ko EA Sports Ligako lehenengoa
Ligak txapelketako aurreneko hiru jardunaldietako ordutegien berri eman du; abuztuko bigarren hamabostaldian jokatuko dituzte hiru jardunaldi horiek. Osasuna Celtaren zelaian hasiko da, abuztuaren 16an, igandez, 21:30ean; Realak bigarren jardunaldian jokatuko du aurreneko partida, Betisen zelaian, abuztuaren 21ean, ostiralez, 21:00etan; eta Athleticek ere bigarren jardunaldian izango du lehen norgehiagoka, San Mamesen, Sevilla aurkari, abuztuaren 22an, larunbatez, 17:00etan.
Munduko Txapelketak Athleticen, Realaren eta Osasunaren Liga hasiera atzeratuko du
EA Sports Ligako lehen jardunaldiko partiden erdiak dataz aldatu beharko dira nazioarteko jokalarien atsedena errespetatzeko.
Villalibrek 2029ra arte sinatu du Racingekin
Gernikako aurrelaria Kantabriako taldeko jokalaria da orain, klubak bere lagapenean jasotako erosketa aukera gauzatu ondoren.
2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligako eta Hypermotion Ligako derbien egutegia
Honako hauek dira bi txapelketetako 14 derbien datak; lehena, 4. jardunaldian jokatuko dute Alavesek eta Osasunak, Mendizorrotzan, irailaren 6an.
Bartzelona-Athletic, Real Madril-Reala, Alaves-Getafe eta Celta-Osasuna, lehen jardunaldian
Liga hasiera abuztuaren 15-16ko asteburuan jokatuko da, eta txapelketa maiatzaren 30ean amaituko da.
Jon Ander Gonzalez epailea Lehen Mailara igo da, eta Olatz Rivera, Bigarren Mailara
Jon Ander Gonzalezek zazpi denboraldi eman ditu Bigarren Mailan, eta Olatz Rivera, ordea, 1. RFEFetik iritsi da Bigarren Mailara; 2017an, emakumezkoen Lehen Mailan egin zuen debuta, eta futbol profesionalean igo den bigarren emakumea da. Iosu Galech Bigarren Mailara pasa da, Lehen Mailatik.