Bera Bera – Benfica kanporaketako itzuliko partida, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
Super Amara Bera Berak larunbat honetan jokatuko du, Donostian, Benficaren aurkako kanporaketako bueltako partida, EHF Europa Ligako multzoen fasean sartzeko helburuarekin. Norgehiagoka zuzenean ikusi ahalko da, 12:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian.
Joaneko partida zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten Bera Bera taldeko jokalariek; izan ere, 8 goleko abantaila (20-28) izatera iritsi ziren, baina Portugalgo taldeak ez zuen amore eman, eta aldea nabarmen murriztu zuen azken txanpan: 28-30eko emaitzarekin amaitu zen neurketa.
Edonola ere, 2 goleko errentarekin eta publikoaren babesarekin, dena alde dute Benfica menderatzeko eta aurrera egiteko. Lortuz gero, azaroan, FunFloor Poloniako taldea izango du hurrengo aurkari Bera Berak Europa Ligako multzoen fasera pasatzeko bigarren eta azken kanporaketan.