Pogacarrek irabazi du lehen etapa Martignyn, eta liderraren elastikoa jantzi du
Pogacarrek erasoa jo du Ovronnaz lehen mailako mendatean. Helmugara hiru txirrindularirekin batera iritsi da, Lipowitz, Martinez eta Nordhagenekin, eta azkarrena izan da esprintean.
Tadej Pogacar esloveniarra (UAE), Romandiako Itzuliko liderraren elastikoa jantzita, podiumean. Argazkia: EFE
Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak irabazi du Romandiako Itzuliko lehen etapa, eta liderraren elastikoa jantzi du, Dorian Godon frantziarrari kenduta.
Tropelak 171,2 kilometroko ibilbidea egin du, Martignyn (Suitza) hasi eta amaitu den etapan. Pogacarrek erasoa jo du Ovronnaz lehen mailako mendatean: 8,9 kilometro % 9,8ko batez besteko aldapekin. Munduko txapeldunak aurrera egin du, eta hasiera batean Lenny Martinez frantziarra (Barhain-Victorius) bakarrik izan da jarraitzeko kapaz, Ovronnazko aldapetan.
Gailurrera iritsi baino lehenago, Florian Lipowitz alemaniarra (Red Bull-BORA) bikotea harrapatzeko gai izan da, eta, jaitsieran, Jorgen Nordhagen norvegiarrak (Team Visma | Lease a Bike) ere bat egin du.
Azken 20 kilometroetan, lau iheslariek atzetik zegoen hamahiru txirrindulariko taldeari eutsi diote, tartean, Primoz Roglic (Red Bull-BORA). Azkenean, Pogacar, Lipowitz, Martinez eta Nordhagen batera heldu dira helmugara, eta esprintean nagusi izan da esloveniarra.
Tadej Pogacar (UAE), etapa garailea eta lider berria
Polita izan da gazteen aurka garaipena lortzea
"Polita izan da gazteen aurka garaipena lortzea. Esprintean irabaztearekin pozik nago. Haizeak aurka jotzen zuen, lehenago saiatu izana oso inozoa litzateke. Atzeko taldearen jazarpenari eustea lortu dugu. Garaipen guztiak dira garrantzitsuak, baina lasterketa batean aureneko etapa irabaztea berezia da. Etapa bakoitzean maillot horia defendatzen saiatuko gara. Talde handia dugu horretarako", adierazi du esloveniarrak gaurko garaipenaren ostean.
Ostegun honetan, bigarren etapan, tropelak 173,1 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko dio, Rue eta Vucherens herrien artean. Muinoz eta gorabeheraz beteriko zirkuitua izango da, eta Vuillens hirugarren mailako mendatea (3,1 kilometro % 5,4ra) hiru aldiz igo beharko dute txirrindulariek.