Dorian Godon frantziarrak irabazi du atariko etapa, eta lehen liderra da
Ineos Grenadier taldeko txirrindulari frantziarrak hiru kilometro pasatxoko ibilbidean 6 segundo sartu dizkie Ivo Oliveira portugaldarrari (UAE) eta Jakob Soderqvist suediarrari (Lidl-Trek), bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Dorian Godon (Ineos Grenadiers) Romandiako Itzuliko aurreneko liderra da. Argazkia: EFE
Dorian Godon (Ineos Grenadier) frantziarrak irabazi du Romandiako Itzuliaren atariko etapa, Villars-sur-Glane herrian (Suitza) hasi eta amaitu dena, eta 3,2 kilometroko ibilbidea eginda.
Txirrindulari frantziarrak 6 segundo sartu dizkie Ivo Oliveira portugaldarrari (UAE) eta Jakob Soderqvist suediarrari (Lidl-Trek), bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Gainera, atariko irabazleak 7 segundoko koska izan du Tadej Pogacar eslovakiarrarekin (UAE) alderatuta, bosgarren sailkatuari, eta 8 segundo Primoz Roglicekin (Red Bull-BORA).
Denbora batez eutsi dion lehen liderra Oliveira portugaldarra izan da, nahiz eta irteeratik hamahirugarren abiatu. Bi segundo baino gehiagoko aldea egin du Primoz Roglic esloveniarraren denborarekiko (03:43:66).
Hala ere, lehen postuan denbora gehien iraun duena Godon bera izan da (03:35:12). Laster irten da, hogeita hirugarren, eta inork ezin izan du gainditu, ezta Pogacarrek ere, Romandian debuta egin du txirrindulari esloveniarrak (03:42:29).
Sailkapen orokorrerako beste hautagai batzuek antzeko denbora egin dute. Florian Lipowitzek (03:45:09), Antonio Tiberik (03:52:14) eta Lenny Martinezek (03:52:46) ez dute galera handirik izan.
Lasterketaren lehen etapa bihar jokatuko da. Tropelak 171,2 kilometro egingo ditu, Martignyn hasi eta bukatu, eta Ovronnaz lehen mailako mendateari aurre egingo dio: 8,9 kilometro, % 9,8ko batez besteko aldapekin.