Evenepoelek Pello Bilbao menderatu du, helmugako pankartapean, eta hirugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa
Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak 2023ko Donostiako Klasikoa irabazi du, larunbatean, eta, horrenbestez, hirugarren aldiz gailendu da lasterketa horretan, 2019an eta 2022an ere nagusitu baitzen. Probako azken metroetan, Evenepoel Bahrain-Victorious taldeko Pello Bilbao gernikarra baino azkarrago ibili da; Pello Bilbaok bigarren postua erdietsi du, eta, amaitu berri den Frantziako Tourrean ere egin zuenez, maila bikaina erakutsi du.
42. Donostiako Klasikoak historiarako hainbat datu utzi ditu. Lehenik eta behin, Evenepoelek, irabazleak, Marino Lejarretarekin berdindu du palmaresean; Berrizko txirrindulariak hiru aldiz irabazi zuen Klasikoa, 1981ean, 1982an eta 1987an, eta, ordutik, inork ez zuen lortuta, orain arte, horrenbeste Donostiako Klasiko irabaztea. Pello Bilbaok, bere aldetik, bigarren postua erdietsi du; 2007an, Juanma Garate postu horretan bertan helmugaratu zen, eta ordutik hona euskal txirrindularitzak izandako emaitzarik onena da oraingoa (Leonardo Bertagnolli gailendu zen urte hartan, Garate bigarren sailkatu zenean). 2007an ere, Mikel Astarloza eta Iñigo Landaluze seigarren eta zortzigarren tokietan iritsi ziren; Euskal Herriko txirrindulariek 15 urte zeramatzaten, hortaz, Klasikoan horren bikain ibili gabe, zehazki hiru ziklista aurreneko hamarren artean sartu gabe.
Pello Bilbaok gertu-gertu izan du garaipena; 1990ean irabazi zuen azkenengoz, orain arte, Euskal Herriko txirrindulari batek Donostiako Klasikoa, Miguel Indurainek hain zuzen ere. Gernika-Lumoko ziklista munduko txapeldunarekin aritu da nor baino nor gehiago; aurreneko aldiz nagusitu da Boulevarden ortzadar maillota soinean daraman gizona. Pellok berak onartu du, lasterketa amaituta, Evenepoelek merezi izan duela garaipena. Belgikarrak hautsi du lasterketa, Erlaitzen, eta bere gain hartu du buruan zebilen taldearen erantzukizuna, Mendizorrotzen eta Murgilen. Bahrain taldeko bizkaitarrak ezin hobeto egin du, ez du amore eman eta azken metroetaraino heldu da irabazteko aukera zuela, baina Soudaleko txirrindularia indartsuagoa izan da, eta modu ederrean irabazi du.
Bost gizon, ihesaldian
Esan ohi da Klasikoa Tourraren 22. etapa dela, kontuan izanik Frantzian ibilitako gizonek bertan hartutako sasoi puntua baliatzen dutela aurreneko tokietan ibiltzeko, eta aurten ere bete da aurreikuspen hori, nolabait. Ibilbidearen lehenengo 30 kilometroak eginda, eguneko ihesaldia sortu da. Bost txirrindulari sartu dira lasterketa buruan, tartean Euskaltel-Euskadiko Mikel Iturria; urnietarra oso lehiakor ibili da, eta hauekin izan da ihes eginda: Romain Bardet (DSM), Julien Bernard (Lidl-Trek), Franck Bonnamour (AG2R) eta Nathan van Hooydonck (Jumbo-Visma). Bonnamour geratu da atzean lehenengo, eta Jaizkibel amaitu baino lehen harrapatu egin du tropelak, baina gainerako laurek buruan jarraitu dute. Ivan Garcia Cortina (Movistar), Quinten Hermans (Alpecin-Deceuninck) eta Lawson Craddock (Jayco) zeuden atzetik, eta tropela ez oso urruti; izan ere, talde handiak ez du baimendu ihesaldiak abantaila handiegirik har zezala.
Erlaitzeko azken metroetan jazotakoa esanguratsua izan da, erabakigarria azken finean. Remco Evenepoelek ez du itxaron, eta erasoa jo du, indarrez, mendatea amaitu baino pixka bat lehenago. Pello Bilbao, Alberto Bettiol eta Aleksandr Vlasov joan dira munduko txapeldunarekin. Aurretik, Bardet eta Van Hooydonck zeuden bakarka, baina Pello zihoan laukoteak azkar harrapatu ditu bi horiek. Maila oso handiko sei gizon zeuden lasterketa buruan, oraindik 60 kilometro geratzen zirela, eta Klasikoaren emozioa osorik zegoen, gozatzeko.
Lasterketa Donostian zegoela, oraindik Mendizorrotz eta Murgil igo gabe zeudela, helmugarako 47 kilometro geratzen zirela, lasterketa buruko seikoteak minutu bat eta hamabost segundoko aldea zuen; ikusita nola zebiltzan sei horiek erreleboak emateko, zein ondo, bazirudien garaipena bertan izan zitekeela, talde horretan. Pello Bilbao, beste behin, erakusten ari zen bikain dabilela, sasoi betean; Evenepoelek, ordea, errelebo luze eta indartsuak eskaini ditu. Tropelean Lidl-Trek ari zen lanean, buruan, baina aldea ez zen murrizten ari.
Mendizorrotzen giro bikaina izan da. Pello, Evenepoel eta Vlasov geratu dira buruan, eta Felix Gall eta Mikel Landa atzetik zihoazen. Murgiarra oso trebe ibili da Klasikoan, atzetik aurrera jokatu du, eta minutu eta erdira zegoen puntu horretan. Bahrain-Victoriouseko gernikarrak gero eta aurkari gutxiago zituen, eta, gainera, edozertan laguntzeko, Mikel Landa taldekidea zuen gertu. Lasterketa buruko hirukotearen aldea polita zen, Murgil mendateari ekin aurretik; Klasikoa erabaki zezakeen igoera horrek.
Evenepoel eta Pello Bilbao, buruz buru
Remco Evenepoelek erritmo oso bizia jarri du azken igoera puntuagarrian, eta Vlasov ere geratu da garaipenerako lehiatik at. Milaka lagun izan dira animoak ematen, Murgilen, eta horrek Pello bultzatu egin du; gernikarra estu ibili da mendatean, baina eutsi egin dio, eta, hori gutxi balitz bezala, azken metroetan erreleboa eman dio Evenepoeli. 2022ko irabazlearen eta bizkaitarraren asmoa zen Klasikoa buruz burukoan jokatzea, eta horretarako ahalegindu dira.
Ikusmina erraldoia zen Gipuzkoako hiriburuan, Evenepoelek eta Pello Bilbao azken esprinta egin dutenean. Belgikarrak merezimendu osoz irabazi du. Egun batzuk ditu aurretik Munduko Txapelketan beste garaipen bat eskuratzen saiatu aurretik, eta Espainiako Vueltan ere beste behin nahi du nagusitu, Italiako Giroa maglia arrosa soinean zuela covid-19agatik utzi ostean; bada, Soudal Quick-Step taldeko txirrindulariak erakutsi du hori dena egiteko moduan dagoela. Klasikoa poltsikoratu du, eta euskal txirrindulariak maila oso altua eman du lasterketan.
Sailkapena
1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 5:30:59
2 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.
3 - VLASOV Aleksandr (BORA) +0:28
4 - POWLESS Neilson (EF Education) +2:50
5 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) +2:57
6 - SKUJINS Toms (Lidl) +3:02
7 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.
8 - COSTA Rui (Intermarche) d. b.
9 - BAGIOLI Andrea (Soudal) d. b.
10 - BENOOT Tiesj (Jumbo-Visma) d. b.
Zure interesekoa izan daiteke
Erlend Blikra norvegiarrak esprintean irabazi du Arctic Raceko bigarren etapa
Uno X Mobility taldeko Erlind Blikrak irabazi du Vesterålen-Andenes artean jokatu den Arctic Race lasterketako bigarren etapan. Norvegiarrak esprintean lortu du garaipena, Ethan Vernon (NSN Cycling) helmugaratu da bigarren, Giovanni Lonardi (Team Polti VisitMalta), berriz, hirugarren.
Lonardik irabazi du Arctic Race lasterketako lehen etapa esprintean, eta Paul Hennequin Euskalteleko txirrindulariak erorikoa izan du
Polti VisitMalta taldeko txirrindulari italiarra azkarrena izan da azken metroetan, Jason Tesson frantziarra eta Riley Pickrell kanadarra gaindituta. Azken kilometroan sartuta Paul Hennequin Euskaltel-Euskadiko txirrindulari frantziarrak eroriko gogorra izan du, hesien kontra jota. Zorionez, ez du lesio larririk, eta helmugaratu da.
Xabier Isasak irabazi du Portugalgo Itzuliaren seigarren etapa
Urretxuko txirrindulariak egun osoa ihesaldian eman du, eta Rui Oliveira portugaldarrari esprintean nagusitu zaio, bigarren talde bat gainean zuela. Gipuzkoarraren aurreneko garaipena da profesionaletan.
2026ko Norvegiako Arctic Race lasterketako etapa guztien profilak eta ibilbideak
Norvegiako Arctic Race abuztuaren 13tik 16ra bitartean jokatuko da, eta Evenesen hasi eta Narviken amaituko da. Lau etapak zuzenean eskainiko ditu EITBk.
Maite Urteagak irabazi du Gaztela-Mantxako Itzulia
Natalia Vasquezek irabazi du azken etapa, gipuzkoarra izan da bigarren, eta Lur Zufiria, berriz, hirugarren.
Burgosko Itzuliko bosgarren etapako azken kilometroa
Burgosko Itzuliko azken etapa, Caleruegas eta Lagunas de Neila artean (137 km) burutu da. Giulio Pellizzari nagusitu da sei txirrindularik osatutako ihesaldi batean. Bere aldetik, Felix Gallek sailkapen nagusiko lidergoari eutsi dio eta 2026ko Burgosko Itzuliko txapeldun bilakatu da.
Felix Gallek irabazi du Burgosko Itzulia, etapa nagusian Pellizzarik erakustaldia eman ostean
Decathlon taldeko txirrindulari austriarrak Burgosko Itzuliko garaipena ziurtatu du Neilako aintziretako igoeran hirugarren postuari eutsita. Giulio Pellizzari eskalatzaile italiarrak, berriz, azken etapa irabazi du erakustaldia emanda.
Brennanek ez du hutsik egin esprintean, Briviescan, eta bigarrenez nagusitu da Burgosko Itzulian
Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari gazteak bere ahalmen izugarria erakutsi du berriro ere, Briviescako helmugan esprint estu batean garaipena eskuratzeko, aurtengo Burgosko Itzulian lortu duen bigarrena. Felix Gallek, berriz, liderraren maillot moreari eutsi dio, Neilako aintziretako azken jardunaldi erabakigarriaren atarian.
Burgosko Itzuliko laugarren etapako azken kilometroa
Burgosko Itzuliko laugarren etapa, Palazuelos de Muño eta Briviesca artekoa (178 km), Matthew Brennan (Visma) britainiarrak irabazi duen esprint estu batean erabaki da. Ikusi hemen nolakoa izan den etapako azken kilometroa.
Hiru etapa Burgosko Itzulian, eta hiru lider: honela lortu du Felix Gallek
Decathloneko txirrindulari austriarra Escudo mendateko etapan gailendu da; igoera horretan erakutsi du indartsu dabilela, eta sasoi puntu ona duela.