Per Strand Hagenesek irabazi du Paris-Tours lasterketa
Bi segundo atera dizkio zortzi txirrindulariz osatutako talde bati. Bertan helmugaratu dira, besteak beste, Jasper Stuyven belgikarra (Soudal Quick-Step) eta Christophe Laporte Hagenes irabazlearen taldekidea.
Hagenes norvegiarra, helmugan. Argazkia: Paris-Tours.
Visma taldeko Per Strand Hagenes norvegiarrak irabazi du igande honetan Paris-Tours klasikoaren 120. ekitaldia. Txirrindulariek 216,2 kilometroko ibilbidea egin dute Chartres eta Tours artean.
23 urteko irabazleak bi segundoko aldea atera die Jasper Stuyven (Soudal Quick-Step) bigarren sailkatuari, Christophe Laporte hirugarrenari eta beste sei txirrindulariri.
Hagenesek erasoa jo du azken kilometroan, eta iheskideak atzean utzita egin du helmugarainoko bidea.
Stuyvenen atzetik, Laporte, Matys Grisele (Lotto Intermarche) eta Jonas Abrahamsen (Uno-X Mobility) helmugaratu dira..
Txirrindulari norvegiarrak bosgarren garaipena lortu du profesionaletan, bigarrena 2026an Anberesko Port Epic lasterketaren ostean. Aurreko hiru garaipenak hiru urte lehenago lortu zituen, 2023an, 20 urte zituela.
Per Strand Hagenes Paris-Tours lasterketa irabazi duen lehen norvegiarra da. Iaz Matteo Trentin italiarra gailendu zen bertan.