Seixas nagusitu da Lombardian, Ion Izagirre eta Pello Bilbaoren agurrean
Frantziarrak Pogacarren lekukoa hartu du, bere lehen 'monumentua' bereganatuta. Enric Mas izan da bigarren.
Paul Seixas. Artxiboko argazkia: EFE.
Paul Seixas (Decathlon) txirrindulari frantziarrak bere lehen 'monumentua' irabazi du larunbat honetan, Lombardiako Giroan gailenduta. Frantziarrak eraso erabakigarria jo du azken kilometroetan, gainerako faboritoak atzean uzteko, eta bakar-bakarrik helmugaratu da. Enric Mas (Movistar) sartu da bigarren.
Historiako irabazlerik gazteena da Seixas, 20 urte dituela irabazi baitu.
Bergamo eta Como artean egindako 239 kilometroko ibilbidean, jardunaldi menditsu eta gogorrari egin behar izan diote aurre txirrindulariek, 9 mendate igo eta 4.600 metroko desnibel metatua gainditu behar izan baitute.
Protesta
Lehia txirrindulariek irteera egin ostean egindako protestaren ondoren hasi da. Remco Evenepoel belgikarrak komunikatu bat irakurri du txirrindulariek azken lasterketetan antzeman dituzten segurtasun arazoak salatzeko.
Omenaldia
Aurretik, profesional gisa azken lasterketa jokatu duten txirrindulariak omendu dituzte: Pello Bilbao eta Ion Izagirre euskal ziklistak, Rudy Molard frantziarra, Bauke Mollema nederlandarra eta Odd Christian Eiking norvegiarra.
Lasterketa
Lehen kilometroetan, 14 txirrindulariko ihesaldia izan da protagonista, baina UAEk iheslarien aldea murrizteko erantzukizuna hartu du tropel nagusian. Madonna del Ghisallo ibilbideko puntu garrantzitsura iritsi aurretik, aurreko taldeak bi minutu inguruko aldea lortu du
Kilometroak egin ahala, iheslarien taldea apurtzen joan da, eta Paul Seixasek erasoa jo du azken kilometroetan, gainerako faboritoak atzean utzita.
Enric Mas podiumerako lehian sartu da, eta erasoa jo du, Giulio Ciccone atzean utzi eta bigarren postua ziurtatzeko. Italiarra izan da hirugarren; eta Remco Evenepoel, berriz, laugarren.
Pello Bilbao 7. postuan helmugaratu da, eta Mikel Landa, 17.ean. Ion Izagirre, bere aldetik, 86. postuan heldu da helmugara.