Ethan Hayterrek irabazi du Itzuliaren lehen etapa, eta lehen maillot horia jantzi du
Ineos - Grenadiers taldeko Ethan Hayter txirrindulari britainiarrak irabazi du 2023ko Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa, Bastidan, astelehenean, eta, ondorioz, lasterketako lehen maillot horia jantzi du. Helmugan, Jon Aberasturi (Trek - Segafredo) eta Alex Aranburu (Movistar) hirugarren eta laugarren postuetan sartu dira, hurrenez hurren; Soudal QuickStep taldeko Mauro Schmid sailkatu da bigarren. Sailkapen nagusiari dagokionez, faboritoetako batzuek lehen postuetan kokatzea lortu dute, Guardiako esprint berezian eskuratutako denbora saria zenbatuta; Ineos taldeko Daniel Felipe Martinez laugarren dago, Hayterrekiko zazpi segundora, Vingegaard (Jumbo – Visma) bosgarren jarri da, Martinezekiko segundo batera, eta Marc Soler (UAE Team Emirates) seigarren dabil, Vingegaardek baino segundo bat gehiago duela.
Itzulia abiatu duen etapa aurreikusita zegoen bezala joan da, eta tropela, irabazlea zehaztu denean, batera zihoan; hori bai, argi geratu da, halaber, lasterketako faborito nagusiak prest daudela segundo guztiak lehiatzeko. Hala gertatu da Guardian, eguneko bigarren esprint berezian, borroka ikusgarria izan baita Daniel Felipe Martinez 2022ko Itzuliaren irabazlearen eta Jonas Vingegaarden artean. Martinezek eskuratu ditu hiru segundoak bertan, baina Vingegaardek bi erdietsi ditu.
Hori, baina, etapako azken zatian jazo da. Lehen, beste hiru txirrindulari izan dira protagonistak, eguneko ihesaldia egin baitute; tartean, bi euskal ziklista: Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi eta Caja Rural taldeko Jon Barrenetxea, hain zuzen ere. Cristian Rodriguez Arkeako andaluziarrarekin batera ibili dira, eta tropelak 30 kilometro geratzen zirela harrapatu ditu, ihesaldia kontrolpean izan ostean. Dena dela, ahaleginak saria izan du: Barrenetxea lehen postuan igaro da Opakuan, eta, beraz, astearteko etapan mendiko maillota jantziko du, eta Juaristik, aldiz, eguneko txirrindularirik lehiakorrenarentzako saria jaso du.
Tropela bat eginda, txirrindulariek erritmo bizian jo dute Bastidarantz. Ineos taldeak garaipen bikaina eskuratu du bertan, merezita; Egan Bernal bera, pixkanaka bere maila berreskuratzen saiatzen ari den honetan, gogor sartu da erreleboa egiteko, egokitu zaionean, Ethan Hayterrek lana burutu ahal izan zezan. Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile ere ibili dira oso fin; santurtziarrak, azken kilometroan, bidea erabat zabaldu dio britainiarrari, azken horrek errematatzeko. Nagusitasun handia erakutsiz egin du hori esprinterrak.
Jon Aberasturik eta Alex Aranburuk ere erakutsi dute sasoi onean iritsi direla Itzuliaren hasierara. Esprint aipagarria egin dute, eta hirugarren eta laugarren sailkatu dira. Euskal ziklistak ondo baino hobeto aritu dira, lehen etapa honetan.
Horrela amaitu da Itzuliaren lehen eguna. Astearteko etapa Nafarroan jokatuko dute, Vianan hasi eta Leitzan hasita; 193,8 kilometro ditu, eta probako luzeena da. Besteak beste, 2. mailako Arkiskil mendatea igo beharko dute ziklistek, hori helmugatik bost kilometrora. Egun horretan jakingo dugu, halaber, zer moduz dabilen Pello Bilbao; izan ere, Neil Stephens Bahrain – Victorious taldeko zuzendariak adierazi duenez, "hala moduz" dabil gernikarra, flemak dituela.
Kontsultatu eitb.eus-en Itzuliaren sailkapen guztiak.
Zure interesekoa izan daiteke
Mikel Landa, Itzuliko erlojupekoaz: “Sentsazio onak izan ditut; beraz, pozik”
Soudal Quick-Step taldeko euskal txirrindulariak hamazortzigarren postua eskuratu du etapan, eta 55 segundo galdu ditu Paul Seixas irabazlearekiko.
Decomble kulota urratuta eta ubelduta iritsi da helmugara, Bilboko erlojupekoan erorikoa izan ondoren
Groupama taldeko txirrindulari frantziarra erori egin da, eta majo kostata helmugaratu da. Paul Seixas (Decathlon) frantziarrak irabazi du etapa, erlojupekoan erakustaldia emanda.
Paul Seixasek Itzuliko lehenengo etapako erlojupekoa irabazi du; Del Torok 51 segundo galdu ditu, eta Ayusok 1:16
Decathlon taldeko txirrindulari gaztea, horrenbestez, 2026ko Euskal Herriko Itzuliko lehen liderra da. Pello Bilbao eta Mikel Landa izan dira euskal ziklistarik onenak, hurrenez hurren 53 eta 55 segundo galduta.
Paul Seixasek erakustaldia eman du Bilboko erlojupekoan eta Itzuliko lehen liderra da
19 urteko txirrindulari gazteak lehen garaipena du World Tourrean. Decathlon CMA CGM Team taldeko txirrindulari frantziarrak 17 minutu, 9 segundo eta 38 ehuneneko denbora egin du helmugan.
2026ko Itzuliko 1. etapa: Bilbo-Bilbo (13,8 km)
Ikusi Bilbon hasi eta amaituko den 2026ko Itzuliaren lehen etaparen emanaldia. 14:30etatik hasi, lehendabiziko txirrindulariaren irteerarekin batera, eta 18:30ak arte iraungo duen saioan, lasterketako hastapeneko jardunaldiak emango dituen nondik norako guztien berri izango duzu.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 1. etaparen profila eta ibilbidea: Bilbo-Bilbo (13,9 km, banakako erlojupekoa)
2021ean ere gertatu zenez, Itzuliaren 1. etapa Bilbon hasi eta amaituko den erlojupekoa izango da. Lasterketa Begoñatik irtengo da, eta helmuga Etxebarria parkean izango du; azken zatia izango da gogorrena, % 19ko malda gainditu beharko baitute txirrindulariek.