2024ko Italiako Giroko lehen etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Venaria Reale-Torino (140 km)
2024ko Italiako Giroko lehen etapa Venaria Realen hasiko da, 13:55etik aurrera, maiatzaren 4an, larunbatez. Torinon bukatuko da, 17:05 eta 17:26 artean. Txirrindulariak 140 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Mendiko Sari Nagusirako hiru mendate puntuagarri pasata. Hirugarren Colle Maddalena da, 2. mailakoa, helmugatik 22 kilometrora.
Antolakuntzaren esanetan, Giroaren 107. edizioko lehen etapa hau "mugitua" izango da, eta amaiera "estua" du. Beraz, kapitainak "agerian" geratuko dira hasieratik: hau da, sailkapen orokorrean ondo geratu nahi dutenek lehen egunetik erakutsi beharko dute.
Aurtengo Italiako Giroko parte hartzaileek Berzano di San Pietro (4. mailakoa, 48,4. kilometroan) eta Superga (3. mailakoa, 78,5. kilometroan) mendateak izango dituzte lehenik eta behin. Supergako pasabidea bereziki hunkigarria izango da, 1949an Torino futbol-taldeak han izandako hegazkin-istripua gogoratuko dutelako. 31 pertsona hil ziren orduan, horietatik 18, jokalariak.
Colle Maddalena etapako hirugarren helmuga puntuagarria da, 6,1 kilometroko igoera, batez beste %7,4ko aldapekin: %12ra ere iritsiko dira malda batzuk. Giroko txirrindulari sendoenak hor lanean ikustea espero da, nola dauden erakusteko. Ondoren, 22 kilometro egin beharko dituzte amaieraraino, Torinon, Piamonteko hiriburuan.
EITBk zuzenean eskainiko du etapa, 13:40tik aurrera, osorik, eitb.eus-en, eta 15:00etan, ETB1en.
ETAPAREN PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 1. etapa (maiatzak 4)
Ibilbidea: Venaria Reale – Torino
Distantzia: 140 km
Batezbesteko igoera: 1850 m
Irteera-ordua: 13:55
Iritsiera-ordua: 17:05 (44 km/h) | 17:15 (42 km/h) | 17:26 (40 km/h).
Mendiko saria: Berzano di San Pietro (4. mailakoa), 48,4. kilometroan; Superga (3. mailakoa), 78,5. kilometroan; Colle Maddalena (2. mailakoa), 118,1. kilometroan.
AZKEN KILOMETROA
COLLE MADDALENA (2. MAILAKOA)
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon