Evenepoelek erorikoa izan du Giroko 5. etapan, baina onik itzuli da lasterketara
Remco Evenepoel belgikarra, Munduko txapelduna eta Giroko liderra asteartera arte, erori egin da Italiako lasterketako bosgarren etapa lehiatzen ari zela.
Aske zebilen txakur bat errepidera atera da, eta, horren eraginez, Davide Ballerini (Soudal) erori egin da tropelaren aurrealdean, ezkerreko partean. Ia berehala, Evenepoelen (Soudal) istripua etorri da, tropelaren eskuinaldean. Hori ere txakurraren ondorioz jazo da, itxura batean, baina telebistako emanaldiaren irudietan ez da argi ikusi.
Aipatu bi erorikoak Atripalda eta Salerno (171 kilometro) elkartzen dituen etapako 20. kilometroan gertatu dira.
2022ko Espainiako Vueltako irabazleak zenbait minutu eman ditu lurrean, eta apur bat minduta altxatu da. Jarraian, bizikleta aldatu du, eta maglia arrosa lortzeko faborito nagusiaren zain zegoen tropelean sartu da. Txirrindulariak berak keinu bat egin die lasterketako kamerei hatz lodiaz, ondo zegoela adierazteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon