Carapazek etapa irabazi eta lidertza eskuratu du
Richard Carapaz (Movistar) ekuadortarrak lortu du garaipena larunbat honetan jokatu den Giroko 14. etapan, San Carlo mendatean gora erakustaldia eman eta gero. Txirrindulariek Saint Vincent eta Courmayer arteko (131 kilometro) ibilbidea bete dute, eta, Carapazek etapa bereganatzeaz gain, elastiko arrosa jantzi du Janc Polanci (UAE-Team Emirates) lekua hartuta. Mikel Landak (Movistar), bere aldetik, bosgarren tokira arte egin du jauzi.
Horrenbestez, eskalatzaile amerikarrak aurtengo Giroan lortzen duen bigarren garaipena eskuratu du gaurkoarekin; izan ere, Orbetello eta Frascati arteko laugarren etapa ere berak irabazi zuen.
Larunbat honetan, helmugatik 30 kilometrora jo du aurrera, eta haren saiakerari inork ez dio erantzunik eman. Hartara, bakarrik heldu da Courmayerreko ailegaerara, gainerako faboritoei denbora dezente sartuta. Etapako bigarrena Simon Yates (Mitchelton-Scott) izan da, irabazlearengandik 1:32ra sartu da britainiarra. Ondoren, faboritoen zazpikotea helmugaratu da, 1:54ko atzerapenakin. Bertan ziren Vincenzo Nibali (Bahrain Merida) italiarra, Mikel Landa (Movistar) arabarra, Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarra eta Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarra, besteak beste.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon