Ackermann alemaniarra, bigarrenez garaile
Pascal Ackermann (Bora) alemaniarrak bere bigarren garaipena lortu du aurtengo Italiako Giroan, bosgarren etapa bereganatu ostean. Txirrindulariek 140 kilometroko ibilbidea bete dute Frascati eta Terracina artean, oso eguraldi txarrari kontra zutela. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak lider jarraitzen du.
Etapa hasi eta berehala, Tom Dumoulin (Sunweb) herbeheretarrak lasterketa utzi behar izan du, laugarren etapako erorikoan ondorioz belaunean izan zuen zauriarengatik.
Txirrindulariek euria izan dute bidelagun egun osoan zehar. Dena dela, zegoen giro petrala aintzat hartu gabe, bost kidez osatutako taldetxo batek ihes egitea erabaki du. Etapak aurrera egin ahala, iheskideen taldetxoa murrizten joan da, eta, azkenerako, Louis Vervaeke (Sunweb) besterik ez da geratu aitzineratuta. Haatik, helmugara heltzeko 23 kilometrora harrapatu du txirrindulari belgikarra tropelak.
Hortik aurrera, talde nagusiak bat eginda jarraitu du helmugako azken zuzengunera iritsi arte. Azken esprintean, Fernando Gaviria (UAE) kolonbiarrak jo du lehen erasoa, baina haren gurpilari iltzatuta Ackermann zegoen, eta alemaniarrak Gaviriak baino indartsuago amaitu du etapa bereganatuz.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon