Lorena Wiebes da Tourreko lehen liderra Lausanan irabazita
SD Worx–Protime taldeko herbeheretarra Kim Le Court (AG Insurance–Soudal) eta Demi Vollering (FDJ–Suez) baino azkarragoa izan da esprintean.
Lorena Wiebes, Frantziako Tourreko podiumean. Argazkia: EFE.
Lorena Wiebes (SD Worx-Protime) txirrindulari herbeheretarra da 2026ko Frantziako Tourreko lehen liderra, Lausanan amaitu den lehen etapan esprintean nagusitu baita.
Kim Le Court AG Insurance-Soudal taldeko esprinterra izan da bigarren, eta Demi Vollering (FDJ-Suez) izan da hirugarren, azken igoerako zati gogorrenean arrakastarik izan ez duen erasoa jo eta gero.
Lorena Wiebes (SD Worx-Protime), helmuga zeharkatzen. Argazkia: EFE.
Lehenengo etapa Lausanan hasi eta bukatu da, eta 138 kilometroko ibilbidea izan du. 3. mailako hiru mendate izan ditu, eta 4. mailako bat, Saint-François, 2,6 kilometro eta batez beste % 4,6ko maldak dituena.
Horrela, eguneko ihesaldia irteeratik bertatik hasi da eratzen ia, Maud Rijnbeek (VolkerWessels) nederlandarra eta Idoia Eraso (Laboral Kutxa) euskal txirrindularia aurreratu baitira. Nikola Noskova (Cofidis) txekiarra eta Oceane Mahe (Ma Petite Entreprise) frantziarra gehitu zaizkie klometro batzuk geroago.
Mahe laster aldendu da, indarrik gabe geratu delako, baina Amanda Spratt (Lidl-Trek) australiarrak ordezkatu du lasterketaren buruan zihoan taldean. Ihesaldiaren ahaleginak, baina, ezerezean geratu dira; izan ere, helmugara iristeko 6 kilometroren faltan harrapatu ditu tropelak, Saint-François igo aurretik.
Helmugan, Wiebes izan da azkarrena elastiko horia irabazteko hautagaien talde txiki batean.