Mikel Landak Euskaltel-Euskadi taldea gidatuko du 2027an eta 2028an
Txirrindulari arabarra Euskadi Fundaziora itzuliko da, Euskaltel, Kutxabank eta Basque Countryrekin batera kirol proiektu handi baten buru izateko.
Mikel Landak Euskaltel-Euskadi taldea gidatuko du 2027an eta 2028an. Argazkia: fundacioneuskadi.eus
Mikel Landa Euskaltel-Euskadira itzuliko da 2027an eta 2028an. Murgiako txirrindulariak berriro jantziko du elastiko laranja, profesional gisa bere ibilbidea hasi zuen Euskadi Fundazioaren taldera itzulita.
Landak Orbean eta Euskaltel-Euskadin hasi zuen bere ibilbidea, Astana, Sky, Movistar, Bahrain eta Soudal QuickStep taldeetan ibili aurretik. Bere palmaresean bi podium nabarmentzen dira Italiako Giroan, bi laugarren postu Frantziako Tourrean eta bosgarren postu bat Espainiako Vueltan.
Murgiako txirrindulariaren itzulerak, gainera, euskal zaleen ilusioa piztuko du, arabarra landismoaren ikur bihurtu baita.
Fitxaketa horrekin, Euskaltel-Euskadik bere kirol proiektua indartu nahi du, lasterketa nagusietan garaipenak eta podiumak lortzeko, UCI puntuak batzeko eta nazioarteko egutegi zabalagoa izateko.
Landa taldeko liderra izango da 2027an eta 2028an, eta Hodei Muñoz, Marco Martin eta Felipe Orts ere fitxatuta, Euskaltel-Euskadik talde lehiakorra osatu nahi du.
“Euskaltel-Euskadira itzultzea, berriro elastiko laranja janztea eta Fundazioarekin bat egitea ziklo bat ixtea da niretzat”, adierazi du Landak. “Ilusio handiz itzuliko naiz, kirol proiektuari ekarpena egiteko gogoz", gaineratu du.