Evenepoel, Donostiako Klasikoko errege
Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak laugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa, esprintean Richard Carapaz ekuadortarra menderatuta. Horrela, Red Bull-BORA-Hansgrohe taldeko txirrindulariak historia egin du Donostiako Boulevardean laugarrenez txapela jantzita. Pello Bilbao, bere aldetik, bosgarren postuan helmugaratu da.
Remco Evenepoel, helmugara sartzen. Argazkia: EFE
Red Bull-BORA-Hansgrohe taldeko txirrindulari belgikarrak esprintean garaitu du Richard Carapaz ekuadortarra, bere iheskidea azken kilometroetan, eta Donostiako Klasikoaren historian garaipen gehien (4) lortu dituen txirrindularia bihurtu da. Marino Lejarretarekin berdinduta zegoen, 3na txapel baitzituzten.
Donostiako Klasikoa ihesaldi luze batekin hasi da, baina tropelak kontrolpean izan du beti abantaila.
Lasterketaren une erabakigarria helmugatik 60 kilometrora izan da, Jaizkibel mendatera igotzearekin batera. Erritmoa pixkanaka bizitu dute, eta txirrindulari indartsuenek posizioak hartu dituzte Erlaitz igo aurretik.
Evenepoelek une zaila izan du bizikleta aldatu behar izan duenean, atzean geratu baita. Aurreko taldean, Giulio Ciccone, aurreko edizioko irabazlea, Enric Mas eta Richard Carapaz lasterketa gogortzen eta aurkariak atzean uzten saiatu dira, baina iazko irabazleak aurrekoak harrapatu ditu azkenean.
Behin betiko galbahea Murgilen egin da, eguneko azken zailtasunean. UAE taldea izan da agintari lehen igoeran, baina Evenepoel izan da helmugatik zortzi bat kilometrora eraso erabakigarria jo duena. Carapazek bakarrik eutsi do belgikarraren erritmoari.
Ekuadortarra behin baino gehiagotan saiatu da belgikarra atzean uzten Donostiara iritsi aurretik, Evenepoel esprinterako faborito nagusia zela jabetuta. Belgikako txapeldunak, baina, ondo eutsi dio, eta biak batera iritsi dira Boulevardera. Evenepoelek bere nagusitasuna berretsi du bertan, eta laugarren aldiz jantzi du Donostiako Klasikoko txapela.
Pello Bilbao, bere aldetik, lan bikaina eginda, bosgarren postuan helmugaratu da, eta bera izan da euskal txirrindularirik onena.