Jose Luis Arrieta Cofidis taldeko kirol-zuzendaria izango da 2027tik aurrera
Gipuzkoarrak eskarmentu handia du txirrindularitzan, eta Movistar eta Decathlon-AG2R taldeetan aritu ostean iritsiko da Frantziako taldera.
Cofidis taldeak Jose Luis Arrieta kirol-zuzendari gipuzkoarraren fitxaketa iragarri du, 2027ko denboraldiari begira. 55 urteko teknikariak Frantziako taldearen kirol-egitura indartuko du, Bingen Fernandez eta Gorka Gerrikagoitia euskal zuzendariekin batera.
Arrieta 1993tik 2010era izan zen txirrindulari profesionala, Banesto taldean eta AG2R Prevoyancen. Erretiratu ondoren, kirol-zuzendari lanetan hasi zen, eta 10 urte eman zituen Movistarren, Alejandro Valverde eta Nairo Quintana txirrindulariekin lanean. Decathlon-AG2R La Mondiale taldeko kirol-egituran aritu da 2024tik.
Gipuzkoarrak azaldu duenez, Gorka Gerrikagoitiak proposatu zion Cofidisen sartzeko aukera: “Gerrikagoitia izan zen taldearekin bat egiteko aukera aipatu zidana. Harekin eta Raphaël Jeunerekin lehen harremanak izan nituenetik, berehala ikusi nuen ikuspegi bera genuela”.
Raphaël Jeune kirol-arduradunak, berriz, Arrietaren esperientzia, profesionaltasuna eta gaitasun taktikoa nabarmendu ditu. “Aurreko taldeetan, esperientzia sendoa eskuratu du UCI WorldTourrean. Egutegiko lasterketa entzutetsuenak ezagutzen ditu, eta badaki txirrindulariei hitz egokiak esaten”, adierazi du.