Paula Ostizek Europako Txapelketa irabazi du, erlojupekoan, junior mailan
Paula Ostiz txirrindulari iruindarrak 2025eko Europako Txapelketa irabazi du, erlojupekoan, junior mailan, Drome-Ardache eskualdean, Frantzian, asteazkenean. Ostizek, 18 urtekoa bera, zilarrezko domina eskuratu zuen espezialitate horretan bertan, eta urrezkoa errepideko proban, duela egun batzuk, Munduko Txapelketan; orain, ordea, azkarrena izan da, podiumean ere izan diren Magdalena Leis alemaniarraren eta Oda Aune Gissinger norvegiarraren aurretik.
Ibilbidea 12,2 kilometrokoa izan da, eta Allexen hasi eta Etoile-sur-Rhonen amaitu da. Ostizek 18:38ko denbora egin du; Leis baino bi segundo azkarrago ibili da, eta Gissingerrek baino hamar segundo gutxiago baliatu ditu.
Irati Arangurenek hamabosgarren postua eskuratu du, 01:06ra.
Sailkapena
1 - Paula Ostiz 13:38
2 - Magdalena Leis (Alemania) + 00:02
3 - Oda Aune Gissinger (Norvegia) + 00:10
4 - Megan Arens (Herbehereak) + 00:13
5 - Roos Muller (Herbehereak) + 00:16
Eñaut Urkaregi, bosgarren
Gizonezken lasterketan, junior mailan ere, Eñaut Urkaregik bosgarren postua eskuratu du; domina 28 segundora izan du, azkenean. Proba Michiel Mouris herbeheretarrak irabazi du, Irlandako Conor Murphy sailkatu da bigarren, eta Julius Lovstrup Birkedal danimarkarrak erdietsi du hirugarren tokia.