Laboral Kutxak Lourdes Oyarbide fitxatu du 2024 denboraldirako
Lourdes Oyarbidek (1994, Egino, Araba) Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa indartuko du 2024. denboraldian. Txirrindulari arabarra WorldTour mailan lehiatzetik dator, eta fitxaketa honekin taldeak 17 txirrindulariz osatutako multzoa biribildu du; horietako sei euskal txirrindulariak dira.
Oyarbide heldutasun betean iritsi da, esperientzia emateko asmoz, eta nazioarteko egutegiko lasterketa onenetan aukerak bilatzeko gogoz. Movistar Team taldean sei denboraldi egin ondoren, azken laurak WorldTour mailan eta aurreko bostak Bizkaia-Durangon, funtsezkoa izango da taldearen hazkunderako.
"Oso pozik nago Laboral Kutxarekin fitxaketa iragartzeagatik. Hain asmo handiko euskal proiektu batean parte hartzeak ilusio berezia egiten dit. Bereziki motibatuta nator talde osoa hazteko nahiaz gain, lanaren dinamika eta idea argiak atsegin ditudalako", adierazi du arabarrak.
Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunak Oyarbideren esperientzia nabarmendu du: "Eskarmentu handiko txirrindularia da, lasaitasuna ematen duena eta lehiatzen dakiena, etxeko beste txirrindulari bat izanik, gainera".