Lourdes Oyarbidek zilarra lortu du erlojupeko proban
Murtzian jokatzen ari diren Espainiako Txirrindularitza txapelketek erlojupeko probekin izan dute hitzordua ostiral honetan. Goizean, emakumezkoen txanda izan da elite eta 23 urtez azpiko lasterketa bateratuan.
Yeclan jokatu den proban, Movistar taldeko txirrindulariak jaun eta jabe agertu dira, talde horrek bereganatu baititu sailkapeneko lehen lau postuak. Irabazlea Sheyla Gutierrez errioxarra izan da (28:56), eta haren atzetik sailkatu da Lourdes Oyarbide arabarra. Asparrenekoak garaileak baino 53 segundo gehiago behar izan ditu 21,3 kilometroko ibilbidea betetzeko. Podiumeko hirugarren koska Gloria Rodriguez murtziarrak eskuratu du, Oyarbiderengandik bi segundora.
Podiumetik kanpo bi bizkaitar geratu dira: Eider Merino (Movistar) balmasedarra, laugarren; eta Ziortza Isasi (Eneicat) elorriarra, bosgarren.