Frantziako Tourra Euskal Herrira itzuliko da, Hazparnen etapa irteera batekin
160 kilometroko etapa menditsua izango da, Frantziako lasterketaren azken astean kokatutakoa, 19. etapa, hain zuzen ere. Lasterketako irabazlea nor izan daitekeen ezagutzeko erabakigarria izan daiteke, beraz, uztailaren 22an, ostegunez, jokatuko den jardunaldiak.
Hazparne (Lapurdi). Irudia: Wikimedia Commons
Frantziako Tourra Euskal Herrira itzuliko da 2027ko ekitaldian, eta Hazparne (Lapurdi) eta Laruns (Bearno) lotuko ditu 160 kilometro ibilbidea bete ondoren. Horrela, euskal zaleek kirol honengatik duten grina errepide bazterretan erakusteko aukera berri bat izango dute.
Frantziako Tourreko 19. etaparen profila. Irudia: Frantziako Tourra
Lau mendate ibilbide gogorra osatzeko
Jardunaldi menditsua izango da (4 300 metroko desnibel positiboa) eta Frantziako lasterketaren azken astean egongo da kokatuta, 19. etapa izango baita. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako parajeak zeharkatu ondoren, Larunsen amaituko dute jarduna txirrindulariek, Burdinkurutxeta, Bagargieta, Soudet eta Marie-Blanque mendateak igo ostean.
Hazparnetik (Lapurdi), tropelak Donazaharrerako bidea hartuko du Burdinkurutxeta (Nafarroa Beherea) igotzeko, % 9,3ko batez besteko aldapekin.
Txirrindulariek 20 kilometro eta 925 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute Donazaharretik.
1986an, txirrindularitza zaleek Bernard Hinaulten erasoa ikusi zuten aldapa horietan. Hinaultek Pauen jantzi zuen maillot horia. Horixe izan zen, hain zuzen ere, txapeldun frantziarraren azken parte-hartzea Tourrean.
Gainera, mendi ingurune hau 2021etik dago Tourraren zain, Christian Prudhomme lasterketaren zuzendariak bi urte lehenago bisitatu ondoren.
Ondoren, txirrindulariek Bagargieta mendatea gainditu eta Larrainera jaitsiko dira. Gero tropelak Santa Grazi eta Kakoetako (Zuberoa) mendi-zintzur ospetsuak igaroko dituzte. Bertatik, txirrindulariak Soudet mendatera joango dira (15 kilometro baino gehiago, % 7,2ko batez besteko maldekin), eta ondoren Marie-Blanque mendatera, Larunserako (Bearno) azken jaitsierari ekin aurretik.
Azken bisitak Euskal Herrira
2023an, Tourrak 90eko hamarkadan Donostian bizi izan zen Grand Depart errepikatu zuen Bilbon. 2023an, hirugarren etapa Baionan amaitu zen, lasterketak Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ondoren.
Halaber, 2018ko edizioan, azken etapa jokatu baino lehen banakako erlojupeko erabakigarri batek Senpere eta Ezpeleta (Lapurdi) herriak lotu zituen.
1996ko uztailean, Miguel Indurainek Frantziako itzulian parte hartu zuen azken aldian, Iruñeak helmuga eta etapa irteera hartu zituen. Uztailaren 17an Nafarroako hiriburuan bukatu zen etapa, eta hurrengo egunean Iruñetik Hendaiara abiatu zen tropela.