HURRENGO TOURREKO GAKOAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

2027ko emakumezkoen Frantziako Tourrak taldekako erlojupekoa izango du, eta Puy de Domen amaituko da

Lasterketa uztailaren 30etik abuztuaren 7ra bitartean jokatuko dute, Leedsen hasiko da eta bederatzi etapa izango ditu. Historian aurrenekoz, taldekako erlojupekoa izango du probak, eta txirrindulariek Puy de Dome Erdialdeko Mendikateko mendate mitikoa igo beharko dute.

Frantziako Tourra: aurkezpena

2027ko Frantziako Tourra uztailaren 30etik abuztuaren 7ra bitartean jokatuko dute. Argazkia: EFE.

2027ko emakumezkoen Frantziako Tourrak taldekako erlojupekoa izango du, Londresen, eta Puy de Domen amaituko da, ostegunean lasterketako antolatzaileek iragarri dutenez. Probako hurrengo ekitaldia uztailaren 30etik abuztuaren 7ra bitartean jokatuko dute, Leedsen hasiko da eta bederatzi etapa izango ditu. Historian aurrenekoz, hortaz, taldekako erlojupekoa izango du emakumezkoen Frantziako Tourrak, eta txirrindulariek Puy de Dome Erdialdeko Mendikateko mendate mitikoa igo beharko dute.

Parisen aurkeztu dute ibilbidea. Hiru etapa Ingalaterran jokatuko dituzte, Londreseko erlojupekoa barne, hiru etapa malkartsu izango ditu, ustez esprintean erabakiko den etapa bat izango da, eta bi jardunaldi oso menditsu ditu prest. Lasterketa Leedsen hasiko da, eta lehen eguna Manchesterren bukatu; bigarren etapa, ordea, Manchester-Sheffield izango da.

Erlojupekoa hirugarren etapan jokatuko dute, eta 18 kilometroko ibilbidea izango du. Talde bakoitzeko laugarrenak zehaztu du denbora, helmugan, eta pentsatzeko modukoa da sailkapen nagusian aurreneko aldeak izango direla, Tourra Frantziara sartu aurretik; Calaisetik egingo du sarrera hori.

3. etapako profila

Seigarren etapa, Bourgesen, baliteke esprinta izatea, eta sailkapen nagusiko lehian izango diren txirrindulariek indarrak gordetzeko aukera izatea; baina berehala hasiko da ibilbideko gogorrena, Erdialdeko Mendikatean: La Loge des Gardesen amaituko da zazpigarren eguna, eta mendate horrek 6,7 kilometroko aldapa du, batezbeste % 7,1ean.

Biharamunean, sei mendate eta desnibeleko 3.000 metro izango dituzte aurretik parte-hartzaileek, Clermont-Ferranden helmugaratu baino lehen. Azken egunean, aldiz, etapa nagusia izango da: zortzi mendate, 3.840 metroko desnibela, eta, dena amaitzeko, Puy de Dome. Mendate horrek 11,3 kilometroko igoera du, eta % 7,8ko malda, batezbeste. 

8. etapako profila

9. etapako profila

Publizitatea
X
Publizitatea
X