Kosner Baskoniak lehen garaipena lortu du Euroligan, Olimpia Milan menderatuta (86-76)
Lehendabiziko bi norgehiagokak galdu eta gero, Paolo Galbiatiren taldeak garaipen garrantzitsua lortu du Euroligan, partida serioa jokatuta.
Marcus Howard eta RJ Cole, aurrez aurre, Buesa Arenan jokatutako partidan. Argazkia: EFE
Kosner Baskoniak 86-76 irabazi dio Olimpia Milani Buesa Arenan, eta, horrenbestez, Euroligako lehen garaipena lortu du, lehendabiziko bi partidak galdu egin baitzituen. Paolo Galbiatiren taldea hasieratik bukaeraraino nagusi izan da, eta neurketaren azken txanpan menderatu du Milan, 14-2ko partziala eginda.
Baskoniako jokalariek, oro har, maila ona eman dute, baina, batez ere, AJ Lawson (lau hiruko sartu ditu), Chris Duarte eta Marcio Santos nabarmendu dira.
Gasteizko taldeak indarrean ekin dio norgehiagokari, eta laster egin du 13-2ko partziala, jaurtiketetan eraginkortasun handia erakutsita.
Moses Wright jokoan gehiago sartuta, Milango taldeak erasoan hobera egin du, baina, saskiaren azpian hutsegiteak egin dituzte, eta Baskoniak ez dio barkatu. Horrela, lehen laurdena 26-16 bukatu da.
Bigarren laurdenean, Galbiatiren gizonek aginte makilari eutsi diote, baina bi aldeetan izan dira akatsak, eta markagailuari mugitzea kostatu zaio. Edonola ere, laster agertu da AJ Lawson, eta hiru hiruko sartuta, Baskoniak berriro zuloa egitea lortu du.
Giuseppe Poetaren taldea saiatu da partidari buelta ematen, eta defentsa lanetan aldaketa egin dituzte, baina alperrik izan zaie. 44-36 galduz joan dira atsedenaldira.
Aldagelatik bueltan, Devon Hallek bi hiruko sartu ditu bata bestearen atzetik, eta horrek emozioa eman dio neurketari, Baskoniak beste behin abantaila handitzea lortu duen arte (58-49).
Milango taldeak ez du etsi, eta azken laurdenean 70-72 jarri dira aurretik markagailuan. Alabaina, Baskoniakoak ez dira kikildu. Alderantziz, azken txanpa ikusgarria egin dute, eta 86-76 gailendu dira, Euroligako lehen garaipena eskuratzeko eta Buesa Arenan bildutako zaleen gozamenerako.