KONTRATUA ETEN DA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alex Lenek Kosner Baskoniako jokalari izateari utzi dio

Oineko arazoek ekarri dute jokalari ukrainarraren ibilbide laburra amaitzea talde gasteiztarrean. Pibotak ez du debutatu ere egin Baskoniako elastikoarekin.

Alex Len

Alex Len. Irudia: Europa Press

Kosner Baskoniak eta Alex Lenek adostu dute bi aldeak lotzen zituen kontratua bertan behera uztea dela onena, Baskoniak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Pibotak ez du debutatu ere egin Baskoniako elastikoarekin.

Arabako hiriburura heldu zenean azterketa medikoak egin ondoren, Alex Len jokalari ukrainarrak lehen entrenamendua egin zuen taldearekin. Hala ere, aurreneko lan saio horren ondoren, mina nabaritu zuen oinean; aurreko denboraldian hartu zuen min.

Arazoak nolakoak ziren eta noiz sortu ziren ikusita, klubak eta Alex Lenek beste mediku aditu batzuei galdetzea erabaki zuten, egin beharrekoa zehaztu ahal izateko.

Nahiz eta lesio berri baten zantzurik ez egon, Kosner Baskoniak eta Alex Lenek adostu dute, egoera kontuan hartuta, bi aldeak lotzen zituen kontratua bertan behera uztea dela onena. "Horri esker, Alex Lenek denbora izango du sendatzeko eta etorkizunera begira prestatzeko", gaineratu du talde gasteiztarrak.

Bestalde, Alex Lenek bere esker ona adierazi nahi izan dio taldeari: "Eskerrak eman nahi nizkieke Baskoniari, taldekideei eta zaleei euren profesionaltasunagatik eta laguntzagatik taldean eman dudan denbora laburrean. Zorte ona opa nahi dizuet denboraldi honetan". Era berean, talde arabarrak "etorkizunean zorterik onena" opa dio jokalariari.

Publizitatea
X
Publizitatea
X