Athleticek Reala garaitu du Euskal Herria Txapelako finalean (0-1)
Maroan Sannadik, 58. minutuan, neurketan erabakigarria izan den gola sartu du, Anoetan. Derbi polita izan da, eta Athleticek merezita irabazi du; Bilboko taldeak laugarren aldiz eskuratu du titulua, txapelketa honetan.
Iñaki Williams eta Ander Barrenetxea, Mikel Etxarrirekin, finalaren ostean. Argazkia: EFE.
Athleticek 2026ko Euskal Herria Txapela irabazi du, ostiralean, Anoetan. Talde zuri-gorriak laugarren aldiz lortu du titulua txapelketa honetan; izan ere, finalean, Reala garaitu du, 0-1. Neurketan erabakigarria izan den gola Maroan Sannadik sartu du, 58. minutuan.
Aurreikusita zegoenez, Rino Matarazzo eta Edin Terzic entrenatzaileek hainbat aldaketa egin dituzte hasierako hamaikakoan, eta, hala, denboraldiko lehen hilabeteetan minutu gutxiago jokatu dituzten zenbait gizon jarri dituzte hasierako hamaikakoetan. Realean, Iñaki Ruperez, Jon Pacheco eta Pablo Marin aritu dira, besteak beste, eta Athleticen, ordea, Mikel Santos Bilbao Athleticeko atezaina, Hugo Rincon, Beñat Prados edo Alejandro Rego zelairatu dira hasieratik.
Mikel Etxarriri guztiz merezitako omenaldi hunkigarria eginda, Johanekok, 18. Minutuan, Remiroren sareetara bidali du baloia, baina jokaldia ez da balekoa izan, lapurtarrak eskuz jo baitu aurretik. Lehen zatian, Athleticek izan du, Realak baino gehiago, kontrolpean zelai erdia, eta talde txuri-urdina baino gehiagotan iritsi da aurkariaren atera, bereziki ezkerraldetik; izan ere, Johaneko ausart aritu da, hegal horretan. Gol aukerarik argiena, hain zuzen ere, lehen zatiko azken jokaldian izan da: Maroanek ondo jaurti du areaz kanpotik, eta baloiak langa goitik jo eta gero, kanpora joan da.
Mikel Etxarriri omenaldia
Atsedenaldia amaituta zelairatu den Marrerok hiru geldiketa bikain egin dizkie Nico Serranori, Jauregizarri eta Navarrori, bigarren zatiko lehen minutuetan, eta, ia-ia jarraian, Aihenek gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du jokaldia, oso jokoz kanpo adierazi baitu; ezker hegaleko atzelariaren kokapena oso gutxigatik ez zen zuzena.
Ondo zebiltzan bi taldeak, eta ikusten zen gola edozein unetan iritsi ahal zela. Maroan Sannadik egin du, Athleticentzat, buruz, 58. minutuan, Robert Navarrok ateratako falta batean. Aurrelari gasteiztarraren golak are gehiago ireki du norgehiagoka, eta, azken ordu erdian, bi taldeek izan dituzte abaguneak gol gehiago sartzeko; Athleticek izan ditu argiagoak, baina Unai Marrero bikain aritu da.
Maroanen gola (0-1)
Azkenean, horrenbestez, Athleticek bere laugarren Euskal Herria Txapela bereganatu du, Anoetan 0-1 gailenduta.