NBAk Europan liga bat sortzea aztertuko du FIBArekin
Adam Silver NBAko ordezkariak ostegun honetan iragarri duenez, NBAk Nazioarteko Saskibaloi Federazioarekin (FIBA) batera Europan liga bat sortzea aztertuko du. Silverrek Andreas Zagklis FIBAko idazkari nagusia alboan zuela egin du iragarpena.
NBAko ordezkariaren hitzetan, NBAko jabeekin izandako bileretan "saskibaloia Europan garatzeko aukerak" aztertu dituzte, eta "hurrengo fasera igarotzeko prest" daudela ziurtatu du. Hala ere, "esplorazio fase batean" daudela azpimarratu du, eta oraindik ez dagoela akordio irmorik liga berri potentzial horretarako.
FIBArekin aurrerapausoak ematen jarraitzeko prest daudela azpimarratu du NBAko agintariak, liga baten sorrera aztertzeko.
16 taldeko lehiaketa erdi itxia
Bestalde, hasiera batean 16 talde izango dituen lehiaketa bat antolatzea pentsatzen ari direla adierazi du Silverrek, eta horietatik 12 iraunkorrak izango liratekeela. "Baina alda daiteke", argitu du NBAko ordezkariak. Izan ere, iragarpen horrekin NBAk Europako saskibaloian izan dezakeen rolari buruzko elkarrizketa zintzoa ireki nahi duela esan du.