EUSKAL KOPA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kutxabank Araskik irabazi du Euskal Kopako lehen partida

Kutxabank Araski Inversus Gernika baino gehiago izan da partida guztian zehar. Azkenean, 60-71ko markagailuarekin amaitu da Beasainen jokatu den norgehiagoka.

Kutxabank Araski Euskal Kopan Inversus Gernika garaitu ostean. Irudia: Araski AES

Kutxabank Araskik 60-71 irabazi dio asteazken honetan Inversus Gernikari, Beasaingo Antzizar Kiroldegian jokatu den Euskal Kopako lehen partidan. Horrela, talde arabarrak ligaxkako lehen garaipena lortu du.

Araski Inversus Gernika baino hobeto jardun da partida guztian zehar. Lehen minutuetatik markagailua alde izan du eta bizkaitar taldea ez da suspertu. Lehen laurdena 17-19 bukatu da, baina Araskikoek abantaila handitzea lortu dute atsedenaldira iritsi aurretik (31-44). Aldageletatik aterata, Kutxabank Araskik markagailuari eutsi dio, eta 15 puntuko errentarekin ekin dio partidako azken laurdenari, hirugarren laurdenaren amaieran 43-58 izan ostean. Inversus Gernika aldea murrizten saiatu da, baina Araskiren aldeko 60-71 emaitzarekin bukatu da norgehiagoka.

Euskal Koparen bigarren partida ostiralean jokatuko da, irailaren 25ean, 19:00etan, Kutxabank Araski eta Mirai Euskotrenen arteko lehiarekin. Hirugarren eta azken jardunaldia irailaren 27an jokatuko da, 12:00etan, Mirai Euskotren eta Inversus Gernikaren arteko norgehiagokarekin, eta EITBn izango da ikusgai.

Publizitatea
X
Publizitatea
X