Elaia-Maia eta Barandika-Lopez bikoteek Jai Alai Ligako final handirako txartela lortu dute
Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, emakumezkoen txapelketan, eta Xabi Barandika eta Imanol Lopez, gizonezkoetan, 2025eko Jai Alai Ligako final handirako sailkatu dira, Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan, Lauko Finaleko bigarren finalerdietan Maialen Aldazabal eta Maite Ortiz eta Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal mendean hartuta, hurrenez hurren. Elaiak eta Maiak bi jokotan irabazi diete Maite eta Maialeni, 15-12 eta 15-9, eta Barandikak eta Lopezek gauza bera egin dute Erkiagaren eta Gorkaren aurrean, 7-15 eta 9-15.
Emakumezkoen txapelketan, Elaiak eta Maiak final handirako txartela lortu dute, Maiteren eta Maialenen aurka irabazita. Hala, Berriatuko bikotea nagusitasunez gailendu da partida serio batean. Aurkariek (horietako bat berriatuarra ere, eta bestea arabarra, Andetxakoa) lehen jokoaren amaieran baino ez dituzte estutu, Elaiak pilota bat txapara bota eta Maialen eta Maite bi tantora jarri direnean. Baina, jarraian, jokoa ixtea lortu dute berriatuarrek. Bigarren jokoan, norgehiagokaren joera ez da aldatu, eta bizkaitarrakn nagusi izan dira finalerdian.
Iragan astean, Oihana Sorozabal eta Arai Lejardi sailkatu ziren finalerako, Ihart Arakistaini eta Frida Watkinsi irabazita. Finala irailaren 29an izango da.
Gizonezkoen txapelketan, Barandika eta Lopez ere gailendu zaizkie Erkiagari eta Gorkari, eta, horrela, Jai Alai Ligako final handian izango dira.
Gernikako aurrelariak eta Zumaiako atzelariak 7-15 irabazi dute lehen jokoa, eta bigarrenean 9-15eko emaitzarekin garaipena biribildu dute. Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek maila izugarria eman dute, eta merezimendu osoz irabazi dute.
Besoan min hartu eta hilabetera, Aritz Erkiaga berriro kantxaratu da gaur Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan. Jai Alai Ligako liderrak denboraldia ahalik eta ondoen amaitu nahi zuen, Lauko Finala irabazi eta bere bigarren Liga titulua lortu, baina ez da posible izango. Barandika eta Lopez Urreisti eta Basqueren aurka arituko dira hilaren 29ko final handian.