Iñaki Osa Goikoetxeak agur esango dio Bilbori, ostiral honetako Jai Alai World Tourreko finalean
Iñaki Osa 'Goiko' historiako puntistarik onenetako batek ostiral honetan esango dio agur Bilbori, Kirol Jai Alai World Tourreko finalean, Deportibo frontoian. Partida ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera egongo da, 22:00etatik aurrera.
'Goiko'k 43 urte ditu, eta datorren urteko otsailean utziko du pilota profesionala, 27 urteko ibilbidea egin ondoren. Ostiral honetan, atzelari gisa jokatuko du, Gorka Sorzabalekin batera, Aritz Erkiaga eta Thibault Basqueren kontra, Munduko Pilota Batzarrak antolatutako torneoaren txapelak erabakiko dituen neurketan.
Lau pilotari horiek izan dira onenak maiatzetik irailera Donostian, Markinan, Gernikan eta Hondarribian jokatutako lau jardunaldietan. Orain, finala izango dute aurrean, 'Izarren Gaua' jaialdian.
Finala baino lehen, Helena Barrenetxea-Ihart Arakistain eta Naroa Merino-Frida Watkins bikoteek jokatuko dute.