Erkiagak eta Salegik Johan eta Ibarluzea garaitu dituzte, bi jokotan, eta Eusko Label Winter Seriesen dituzten aukerei eutsi diete
15-12 eta 15-12 irabazita, Aritz Erkiagak eta Eñaut Salegik lau puntu eskuratu dituzte, eta puntu horiek guztiz garrantzitsuak izan litezke finalerdietako ligaxkara sailkatzeko; Johan Sorozabalek eta Ion Ibarluzeak, ordea, puntu bakarra dutela jarraitzen dute sailkapenean, eta aukera gutxi dituzte txapelketan final laurdenetako fasea amaituta segitzeko.
Erkiagak eta Salegik garaipen oso garrantzitsua lortu dute. Argazkia: EITB.
Aritz Erkiagak eta Eñaut Salegik Johan Sorozabal eta Ion Ibarluzea garaitu dituzte, bi jokotan, 15-12 eta 15-12, 2026-2027ko Eusko Label Winter Serieseko laugarren jardunaldian, astelehenean, Gernikako Jai Alain, A multzoan. Hala, sailkapenean, Erkiagak eta Salegik lau puntu dituzte, eta Goixerri-Lekerika bikotearekin berdinduta dabiltza; Johanek eta Ibarluzeak, aldiz, aurreneko partidan erdietsi zuten puntua dutela jarraitzen dute. Erkiagak eta Salegik aukerak dituzte finalerdietako ligaxkara sailkatzeko, eta Johanek eta Ibarluzeak, ordea, oso zail dute hori lortzea.
Testuinguru horretan, lehenengo jokoan, Erkiaga eta Salegi Johan eta Ibarluzea baino gehiago izan dira, eta ia-ia hasieratik ibili dira aurretik markagailuan; hori bai, azken txanpan Johanek eta Salegik aurkariak estutu dituzte. Ispasterreko aurrelaria eta Markina-Xemeingo atzelaria 12-5 eta 13-6 ari ziren gailentzen, eta ematen zuen poltsikoan zutela neurketako aurreneko puntua, baina Johanek eta Ibarluzeak gora egin dute azken txanpan, eta lapurtarra eta bizkaitarra bi tantora jarri dira, 14-12koan. Azkenean, Erkiagak eta Salegik tanto erabakigarria egitea lortu dute, eta 15-12 eskuratu dute jokoa.
Bigarren jokoan, emaitza errepikatu egin da, 15-12 Erkiagaren eta Salegiren alde, baina aurrenekoan baino gehiago ibili dira parean bi bikoteak. Bosna, seina eta zortzina izan dira; Erkiaga eta Salegi 13-10 aurreratu dira, baina Johanek eta Ibarluzeak bi tanto jarraian egin dituzte, eta dena erabaki gabe gelditu da berriro. Bikote bizkaitarrak norgehiagokako azken bi tantoak lortu ditu, eta, hala, garaipena bereganatu du. Eñaut Salegik jaso du partidako pilotaririk onenarentzako saria.