Chourrautek zazpigarren amaitu du Oklahomako Muduko Txapelketaren kayak finala, eta Echanizek hamargarren
Emakumezkoen K1 finalean, Jessica Fox australiarrak lortu du urrea, Evy Leibfarth estatubatuarrak zilarra eta Kimberley Woods ingelesak brontzea. Gizonezkoen K1 finalean, Jakub Krejci txekiarrak irabazi du, Michal Pasiut poloniarrak zilarra eta Giovanni De Gennaro italiarrak brontzea.
Maialen Chourraut. Argazkia: Basque Team
Maialen Chourraut piraguista lasartearra zazpigarren izan da ostegun honetan emakumezkoen K1eko finalean, Oklahoma Cityn (AEB) jokatzen ari den eslaloiko Munduko Txapelketan. Pau Echaniz donostiarrak, berriz, hamargarren bukatu du gizonezkoen K1eko finala.
Chourrautek finalean parte hartu du, finalerdian seigarren izan ondoren, 98.13ko markarekin. Eta finaleko jaitsiera erabakigarrian, Lasarte-Oriako palistak 97.05eko denbora egin du, eta zazpigarren postuan sailkatu da.
Jessica Fox australiarrak lortu du urrea (92.06), Evy Leibfarth estatubatuarrak zilarra (93.37) eta Kimberley Woods ingelesak brontzea (94.91).
Gizonezkoen probari dagokionez, Echaniz zazpigarren izan da (87.36) finalerdian. Eta dominak lortzeko jaitsieran, Echanizek 90.02ko marka egin du. Jakub Krejci txekiarrak irabazi du (83.65) txapelketa, Michal Pasiut poloniarrak zilarra (84.34) eta Giovanni De Gennaro italiarrak brontzea (85.27).