Vettelek marka guztiak hautsita eman dio amaiera denboraldiari
Sebastian Vettelek irabazi du Brasilgo Sari Nagusia, Bat Formularen denboraldiko azken proba. Munduko txapelketa laugarrenez irabazi du aurten Red Bull taldeko pilotuak, eta, horrez gain, denboraldi berean lortutako garaipenen marka berdindu du eta jarraian lortutako garaipenen marka hobetu du: 13 garaipen lortu ditu guztira, eta 9 garaipen jarraian.
Vettelek Mark Webber taldekidea (bigarren) eta Fernando Alonso (hirugarren) izan ditu ondoan Interlagos zirkuituko podiumean. Alonso bigarren geratu da Munduko Txapelketako sailkapenean.
Brasilen lortutakoa bere ibilbideko 39. garaipena da Bat Formulan. Bi garaipenera du Ayrton Sennak ezarritako marka (41 garaipen). Bi horien aurretik, Michael Schumacher (91 garaipen) eta Alain Prost (51) bakarrik daude.