EUROPA KOPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak Hearts jipoitu du euripean, eta hurrengo kanporaketarako sailkatu da (4-0)

Talde txuri-urdinak lehen zati bikaina jokatu du partida erabakita uzteko. Gorka Alvarezen jokalariek hiru aldiz zulatu dute aurkariaren atea atsedenaldia baino lehen. Ainhoa Marinek bigarren zatian sartutako gol batek itxi du gol-zaparrada.

Real-Sociedad-Hearts-Europa-Cup-Zubieta

Norgehiagokaren une bat, euripean, Zubietan. Irudia: Reala

Realak Hearts talde eskoziarra jipoitu du Zubietan eta Europa Kopako final-zortzirenetarako txartela lortu du. Talde txuri-urdinak lehen zati bikaina jokatu du partida erabakita uzteko, eta joaneko norgehiagokaren ordaina hartzeko balio izan dio. Orduan aukera ugari izan zituen talde txuri-urdinak, baina ez zuen asmatu. Gorka Alvarezen jokalariek hiru aldiz zulatu dute aurkariaren atea atsedenaldia baino lehen. Ainhoa Marinek bigarren zatian sartutako gol batek itxi du gol-zaparrada (4-0).

Iragarkia
18:00 - 20:00

Lehen zatian Reala oso nagusi izan da. Talde txuri-urdinak Hearts setiatu du lehen minututik. Horrela, Edinburgo jokatutako joaneko partidan izan ez zuten saria aurkitu dute gipuzkoarrek19. minutuan. Ainhoa Marinek erdiraketa bikaina jarri du, eta Laura Caminok buruz sare barrura bidali du baloia.

Realak lanean jarraitu du eta Intzak aukera bat izan du, baina bere jaurtiketa gurutzatua gutxigatik joan da kanpora. Paula Fernandezek ere areaz kanpotik jaurti du, baina atezain eskoziarrak aldaratu du. Lehen zatiko azken txanpan, Intzak beste barnekaldi bat egin du eta area barruan faltan gelditu du atzelari eskoziar batek. Epaileak penaltia adierazi du. Penalti argia izan da. Pauferrek ez du barkatu hamaika metroetatik, eta txuri-urdinen bigarren gola egin du.

Gainera, atsedenaldiaren aurretik Realak hirugarrena sartu du partida eta kanporaketa ia erabakita uzteko. Ainoa Campok Ceciliaren pase bikaina aprobetxatu du area txikiaren barruan gola sartzeko.

Bigarren zatiaren hasieran Gorka Alvarez entrenatzaile txuri-urdinak Nerea Eizagirre, Cahynova eta Isasisasmendi zelairatu ditu Intza, Ainoa eta Seelenfreunden ordez. Erritmoa lehen zatikoa baino nabarmen txikiagoa izan da. Gainera, Zubietan botatako euri-jasak baldintzatu du jokoa, zelaia gero eta astunago eta motelago baitzegoen.

Hala ere, 64. minutuan Ainhoa Marinek, Espainiako selekzioak duela gutxi lehen aldiz deitu duen jokalariak, laugarren gola gertu izan du hegaletik jokaldi bikain bat egin ondoren. Area barruan sartu da eta bere jaurtiketa kornerrera desbideratu du atzelari batek buruarekin. Handik gutxira, 70.ean, Marinek ez du barkatu diagonal berri batean, eta bere gola egin du.

Publizitatea
X
Publizitatea
X