EUROPA KOPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak Heartsen aurka berdindu du Edinburgon, eta etxean lortu beharko du sailkapena (0-0)

Talde txuri-urdina nagusi izan da jokoan, baina ez ditu aurkariaren ate aurrean izandako aukerak aprobetxatu. Nerea Eizagirrek penalti bat huts egin du azken txanpan, eta aurretik Ainoa Campok zutoinera bidali du baloia.

Hearts-Real-Sociedad-0-0-Europa-Cup

Argazkia: Reala

Realak husna berdindu du Heart of Midlothianen aurka, Edinburgon, Europa Kopako bigarren sailkatze kanporaketan, joaneko partidan. Talde donostiarra hobeto jardun da, eta talde eskoziarra menderatu du, baina ez du bere abaguneak aprobetxatzen jakin eta markagailua ez da mugitu. Gipuzkoar taldeak, gainera, penalti bat ere huts egin du.

Reala ondo ibili da lehen minutuetan, ekimenez aritu da eta aurkariaren zelaian jokatu du. Txuri-urdinak sarritan iritsi dira eskoziarren areara, baina ez dute abagune argirik sortu. Cecilia eta Ainhoa Marin oso zorrotz aritu dira hegaletatik, eta txuri-urdinek gero eta arrisku handiagoa sortu dute.

Bi aukera argienak ia jarraian iritsi dira. Hasteko, Cecilia eskuinaldetik sartu da, eta jaurtiketa kanpora bidali du gutxigatik. Jarraian, Ainhoa Marinek beste abisu bat eman du, eta Eskoziako taldearen atezainak harrapatu du haren errematea.

37. minutuan, Seelenfreund bakarrik geratu da atezainaren aurrean txuri-urdinen jokaldi bikain baten ostean, baina atezain eskoziarrak gola eragotzi du. Atsedenaldia baino lehen Ainoa Campok area barruan buruz egindako errematea kanpora joan da gutxigatik.

43. minutuan, Laborderi txartel horia atera diote. Azkenean, bi taldeak golik sartu gabe joan dira aldageletara, baina txuri-urdinak nagusi izan dira jokoan.

Bigarren zatian, Reala behin eta berriz hurbildu da aurkariaren areara berdinketa hautsiko zuen golaren bila. 70. minutuan, Ainoa Camporen jaurtiketa batek zutoinean jo du; gola ospatzen zebiltzan, baina ez da sartu.

Azken txanpan, gipuzkoar taldeak penalti bat izan du alde, baina Nerea Eizagirrek lekutara bidali du jaurtiketa. Realak azken unera arte bilatu du gola, baina markagailua ez da mugitu. Chaconek eta Marinek min hartuta utzi dute zelaia bigarren zatian.

Publizitatea
X
Publizitatea
X