Errege Kopa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak 25.680 sarrera izango ditu Errege Kopako finalean

Horietako % 85 Realeko bazkideek jasoko dituzte. Realeko “fan zone” izenekoa, Sevillan, Carlos III.a etorbidean izango da, Cartujako geralekuaren ondoan.

Real Sociedad: zaleak

Realeko zaleek babes handia emango diote taldeari finalean, apirilaren 18an. Argazkia: Europa Press.

Realak 25.680 sarrera izango ditu 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako finalean; partida handi hori apirilaren 18an jokatuko dute talde txuri-urdinak eta Atletico Madrilek, Cartuja futbol zelaian, Sevillan. Horietako % 85 Realeko bazkideek jasoko dituzte, eta euskal taldearen zaleek, Sevillan, “fan zone” izeneko bat izango dute, Carlos III.a etorbidean, Cartujako geralekuaren ondoan.

Asteartean, bilera egin dute Jokin Aperribay Realeko presidenteak, Miguel Angel Gil Atletico Madrileko presidenteak eta Rafael Louzan Espainiako Federazioaren presidenteak. Batzar horretan adostu dutenez, Realeko zaleak, Cartujan, “Gol Sur” izeneko eremuan izango dira. Zelaiaren edukierari erreparatuta, club finalista bakoitzak horren % 40 izango du; 2025ean, baina, Bartzelonak eta Real Madrilek sarrera kopuru apur bat handiagoa jaso zuten, talde bakoitzak 26.031 izan baitzituen.

Realeko bazkideek klubak jasotako sarreretako % 85 izango dituzte. Astelehenean zabaldu zuen Realak epea bazkideek izena emateko, ostiraleko 20:00etara arte; astelehen gauean, klub txuri-urdinak zehaztu zuen 10.331 bazkidek zutela izena emanda, dagoeneko, lehenengo orduetan.

Arestian esan bezala, Sevillara joango diren realzaleek “fan zone” bat izango dute, Carlos III.a etorbidean, Cartujako geralekuaren aldamenean.

Reala talde bisitaria izango da finalean, Atletico Madril Reala baino lehenago sortu baitzuten. Bi taldeek beste final bat jokatu zuten 1987an, Zaragozan, Romaredan, eta Realak lortu zuen garaipena orduan, penalti jaurtiketetan.

Sevillara joango ez diren zaleentzat, Donostian pantaila erraldoia izango da, bai eta “hainbat sorpresa” ere; hala aurreratu du Jon Insausti alkateak: “Oraingoan, bai; oraingoan, ospatzea dagokigu, eta festaz gozatzea, 2021ean ezin izan baikenuen egin. Uste dut aurten dena ematea dagokigula”, nabarmendu du Insaustik. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X