Osasunak historia egin nahi du Cartujan, bere lehen Kopa irabaziz
Osasunak historia egin nahi du larunbatean, maiatzaren 6an, 22:00etatik aurrera, Sevillako Cartuja futbol zelaian; izan ere, bere lehen Kopa irabazi nahi du. Real Madril izango dute gorritxoek aurkari Osasunaren bigarren finalean; lehenengoa 2005ean jokatu zuen Nafarroako taldeak, duela 18 urte, Madrilen, eta 2-1 irabazi zuen Betisek orduan. Orain, Nafarroatik eta Euskal Herriko beste hainbat tokitatik iritsitako 22.000 zalek baino gehiagok bultzatuko dute, Cartujan, Osasuna. Kopa Iruñera ekarri eta egindako denboraldi bikainari amaiera ezin hobea emateko, Jagoba Arrasate entrenatzaileak "euren onena" eman dezatela eskatu die bere jokalariei. EITBk zuzenean emango du norgehiagoka.
Iruñean, Nafarroan eta Euskal Herriko beste zenbait tokitan, ikusmina eta ilusioa erraldoiak dira. Hala da apirilaren 4tik; orduan, finalerdietako itzuliko partidan, San Mamesen, luzapenean, Pablo Ibañezek gol eder eta historikoa egin eta Osasunaren finalerako sailkatzea gauzatu zuen. Egunotan, ia ezinezkoa da Osasunaren elastiko ofizialen bat erostea Iruñean; ez soilik klubak finalerako prestatu duen kamiseta berezia; denboraldian zehar gorritxoak erabiltzen ari direna ere ez dago dendetan. Iruñea gorriz jantzi da, eta Sevillara milaka eta milaka zale abiatu dira; finalean egon nahi izan duten Osasunako bazkide guztiek izan dute sarrera, Cartujan izateko.
Harmailetako beste aldean, Real Madrileko zaleak izango dira. Klub zuriak bere hogeigarren Kopa nahi du bereganatu; Carlo Ancelottiren gizonek ez dute Liga irabazteko aukerarik, eta Txapeldunen Ligako finalaurrekoetarako sailkatuta daude (asteartean hasiko dira finalerdi horiek, Manchester City izango du aurkari Real Madrilek). Madrilgo taldeak, denboraldi honetan, Europako Superkopa eta Kluben Munduko Txapelketa ditu irabazita, oraingoz, eta, hortaz, urteko hirugarren titulua nahi dute zuriek, Osasunaren aurkako finalean.
Bi finalistek ibilbide bikaina egin dute 2022-23 denboraldiko Kopan. Osasunak honako talde hauek kanporatu ditu: Fuentes (1-4), Arnedo (1-3), Nastic (1-2), Betis (penaltietan, Benito Villamarinen, bina egin ostean), Sevilla (2-1) eta Athletic (1-0 Sadarren eta 1-1 San Mamesen). Real Madrilek, aldiz, beste hauek utzi ditu txapelketatik at: Cacereño (0-1), Vila-real (2-3), Atletico Madril (3-1) eta Bartzelona (0-1 Bernabeun eta 0-4 Camp Noun). Biek ala biek emaitzak irauli eta egoera estuak gainditu dituzte; erakutsi egin dute Kopako onenak izan direla, eta horregatik lehiatuko dira partida erabakigarrian.
Kirol arloari dagokionez, Osasunaren aldetik, ziur aski Sergio Herrera izango da atepean; atezaina oso ondo ibili da Kopan, eta finala jokatzeko aukera izango duela ematen du. Atzealdean, Jon Moncayola irten liteke eskuinean, Nacho Vidalek ezingo baitu jokatu, eta Juan Cruz ezkerraldean; Aridane eta David Garcia kapitaina izan litezke erdian. Pentsatzeko modukoa da Ruben Peña zelai erdiko eskuinean arituko dela, eta Lucas Torro, Aimar Oroz eta Moi Gomez ere izango direla zelai erdi horretan, Iruñeko taldearen jokoari hauspoa eman eta aurkariarena geldiarazteko. Abde titular ibiliko da erasoan, eta, aurrelari gisa, Chimy Avila, Ante Budimir edo Kike Garcia atera litezke.
Real Madrilen, Mendy da ziurtatuta dagoen baja bakarra; haren ordez, atzealdeko ezker hegalean, Camavinga irtengo da, ziurrenik. Alaba eta Modric minduta ibili dira azken neurketetan, baina talde zuriaren deialdian sartu dira; ez dago erabat zehaztuta, hala ere, zein puntutan dagoen euren egoera fisikoa. Courtois atezainaren aurretik, baliteke Carvajal, Militao eta Rudiger aritzea, Camavingarekin batera, eta, zelai erdian, Tchouameni, Kroos eta Valverde izan litezke hasierako hamaikakoan. Erasoan, Ancelottik baliabide asko ditu, kontuan izanik Rodrygok, Viniciusek eta Benzemak nolako ekarpena egiten dioten euren taldeari.
EITBk zuzenean emango du finala, ETB1en, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, eta jarraipen berezia egingo dio, horrez gain, eitb.eus-en.
Real Madril-Osasuna, Kopako finala, maiatzaren 6an (larunbata da), 22:00etan, Sevillako Cartuja futbol zelaian
Hamaikakoak hauek izan litezke:
Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Rudiger, Camavinga; Tchouameni, Kroos, Fede Valverde; Rodrygo, Vinicius eta Benzema.
Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David García, Juan Cruz; Torro; Peña, Aimar, Moi Gómez, Abde; eta Chimy Avila.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtzia).
Zure interesekoa izan daiteke
Braulio Vazquez, Osasunaren agurrean: “Gozatu eta sufritu egin dugu elkarrekin. Denak du amaiera”
Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendari ohiak agur esan dio talde gorritxoari astelehen honetan emandako prentsaurrekoan. Hamar urteko ibilbidearen ostean, Vazquez Valentzian arituko da lanean aurrerantzean.
Braulio Vazquezek Osasuna utzi du, eta Catak hartu du kirol zuzendaritza
Orain arteko kirol arduradun nagusiak, prouektu profesional berria hasiko du Valentzia taldean. Hori dela eta, talde valentziarrak bere etete-klausulari dagozkion 290.000 euroak ordainduko ditu.
Ruben Garcia: “Lehen minutuak kaotikoak izan dira"
Osasunako jokalariak Espanyolen aurka jasotako porrotari buruz hitz egin du (0-2) Sadarren, EA Sports Ligako bosgarren jardunaldian. Autokritika egin du izan duten partida hasiera kaskarraz.
Bigarren porrota jarraian Osasunarentzat (0-2)
Nafarrek bi gol jaso dituzte lehen 20 minutuetan eta, saiatu diren arren, ez dute Espanyolen atea zulatzeko modurik aurkitu.
Ramis: “Osasuna Espanyolen aurka ausart ikustea espero dut"
Larunbatean, EA Sports Ligako 5. jardunaldian, Osasunak Espanyolen aurka jokatuko duen partidari begira, Luis Miguel Ramis gorritxoen entrenatzaileak esan du bere taldea ausarta izatea espero duela, eta Alavesen aurkakoan taldeari "oreka" falta izan zitzaiola onartu du.
Osasunak Huesca izango du aurkari Erreginaren Kopako bigarren kanporaketan
Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, Huescaren zelaian, irailaren 29tik urriaren 1era bitartean.
Moi Gomez Osasunako jokalariak lesioa du bizeps femoralean
Talde gorritxoak ez du zehaztu zenbat denbora egongo den bajan. Erdilari gorritxoak minduta bukatu zuen Alavesen kontrako partida.
Moncayola: “Ez da gure eguna izan, akats asko egin ditugu”
Jon Moncayolak onartu du Osasunak akats asko egin dituela eta bost gol sartuta oso zaila dela Lehen Mailan puntuak batzea.
Luis Miguel Ramis: “Partida parekatua izango dela uste dut"
Alavesek eta Osasunak igandean neurtuko dituzte indarrak Mendizorrotzan, oso derbi parekatuan. Bi taldeak defentsan sendotasuna erakutsita iritsiko dira hitzordu honetara, lehen hiru jardunaldietan gol bakarra jaso baitute. Gainera, Romain Del Castillok debuta egiteko aukera izango du, talde gorritxoarekin bat egin berritan.
Osasunak Rockson eta Del Castillo aurkeztu ditu, Sadarren
Nafarroako taldeak ondo ekin dio EA Sports Ligari; izan ere, jokoan izan diren aurreneko bederatzi puntuetatik, zazpi bereganatu ditu. Ostegunean, bi jokalari berri hauen aurkezpena egin du.