Juan Luis Mardaras hil da, Eibarko presidente ohi historikoa
Juan Luis Mardaras Eibar taldeko presidente ohia hil da asteazken honetan, Donostia Ospitalean, 67 urte zituela. Joan zen astetik zegoen bertan, bihotz-biriketako geldialdi batek jota.
Mardarasek 1988tik 2002ra bitartean zuzendu zuen klub armagina; hartara, kargu horretan denbora gehien eman duen presidentea izan da (14 urte).
Bere agintaldian, besteak beste, Eibar Bigarren Mailara igo zedila lortu zuen, eta presidente izendatu zuten urte berean erdietsi zuen balentria hori
Mardarasen zuzendaritzapean gauzatutako beste lorpen bat 1992an gertatu zen, Eibar Kirol Elkarte Anonimo bihur zedila bideratu baitzuen. Horri esker, talde armaginak Bigarren Mailan lehiatzen jarraitu ahal izan zuen.
Bere agintaldian zehar Eibarrek bere 50. urtemuga bete zuen, eta, hori ospatzeko asmoz, Ajax taldea ekarri zuen Ipuruara lagunartekoa jokatzera.
Eibarrek sare sozialen bidez eman du heriotzaren berri, eta bere dolumina adierazi die senide eta lagunei.