EUSKAL DERBIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Epaileak zaintzea futbola zaintzea da”, nabarmendu du Athleticek, komunikatu batean

“Futbol-epaileen kolektiboarekiko errespetuak printzipio utziezina izan behar du, eta futboleko protagonista guztiek partekatu behar dute”, adierazi du Bilboko klubak, eta, halaber, “epaileen kolektiboa defendatzeko eta haren duintasuna babesteko konpromisoa” berretsi du.

Dani Vivian eta Jon Martin (Athletic eta Reala)
Dani Vivian eta Jon Martin, joan den igandeko derbian. Argazkia: EFE.

“Epaileak zaintzea futbola zaintzea da” izenburupean, Athleticek, asteazken arratsaldean, komunikatu ofiziala argitaratu du; Bilboko klubak horretan adierazi duenez, “futbol-epaileen kolektiboarekiko errespetuak printzipio utziezina izan behar du, eta futboleko protagonista guztiek partekatu behar dute”. Halaber, Realak igande gauean San Mamesen jokatu zuten euskal derbiko epaileen jarduna hizpide duen komunikatua argitaratu eta berehala Athleticek zabaldutako testuan, “epaileen kolektiboa defendatzeko eta haren duintasuna babesteko konpromisoa” berretsi du Bizkaiko klubak.

“Futbola ez litzateke posible izango epailearen irudirik gabe, hark bermatzen baitu joko-arauak betetzen direla”, hasi du komunikatua Athleticek. “Haren lana etengabeko ikusgaitasun- eta azterketa-egoeran gauzatze dena, ezinbestekoa da lehiaketa aurrera egiteko. Epaileek badakite beren meriturik handiena oharkabean pasatzea dela, eta badakite jokoan parte hartzen duten alde guztien protestak jasoko dituztela etengabe”.

“Baina bada gainditu behar ez den muga bat”, azpimarratu du Bizkaiko klubak. “Horregatik, Athleticek gogorarazi nahi du epaileen kolektiboarekiko errespetua jokoaren protagonista guztiek partekatu beharreko eta uko egin ezinezko printzipioa izan behar dela. Futbolariok, entrenatzaileok, agintariok, komunikabideok eta zaleok erantzukizuna dugu desadostasunak adierazteko moduak epaileen lanbideak merezi duen errespetuaren mugak inoiz gaindi ez ditzan. Kirolaren barruan badira horren adibideak, errugbia kasu. Horrek erakusten du epaileen agintea modu naturalean eta kolektiboan errespetatu daitekeela, baita erabaki eztabaidagarrien aurrean eta lehiaren tentsiorik handieneko uneetan ere”.

“Argi dugu, nola ez, epaileak pertsonak direla eta, futbol-partida batean parte hartzen duen beste edozeinek bezala, akatsak egiten dituztela”, jarraitzen du Athleticek testuan. “Akatsa kirolaren parte da, eta ezin da joko-arauak aplikatzeko ardura dutenen aurkako seinalamendu-, presio- edo baldintzapen-kanpainak justifikatzeko aitzakia bihurtu”.

“Horregatik guztiagatik, Athleticek epaileen kolektiboa defendatzeko eta haren duintasuna babesteko konpromisoa berresten du, eta bere esku dauden ekimen guztiak sustatzen jarraituko du, epaileekiko errespetuaren kultura bultzatzeko”, dio Bilboko taldeak.

“Klubak konpromiso horri eutsi dio”, segitzen du Athleticek, “bai epaile-erabakiek kalte egin dioten egoeretan, Sevillaren aurka gertatu zen bezala, geroago CTAk berak aitortu zuenez, bai erabakiak bere interesen aldekoak izan diren egoeretan, bai jokatutako azken norgehiagokan, non CTAk baieztatu duen epailearen erabakia zuzena izan zela penaltiaren jokaldian”.

“Epaileak zaintzea futbola zaintzea da. Eta haien agintea, osotasuna eta irudi publikoa babestea guztion ardura da”, amaitu du Athleticek komunikatua.

Publizitatea
X
Publizitatea
X