Rayo-Athletic partida bertan behera gelditu da, Martin Presa presidentearen kontrako protesten ondorioz
Jose Maria Sanchez Martinez epaileak bertan behera utzi du EA Sports Ligako 8. jardunaldiko Rayo Vallecano-Athletic partida, etxeko taldearen jarraitzaileek paperez egindako hegazkinak eta plastikozko bolatxoak jaurti dituztelako zelaira, Raul Martin Presa presidentearen kudeaketaren salatzeko protesta-ekintza gisa.
Erabaki hori hartu aurretik, epaileak bi aldiz geldiarazi du neurketa. Lehendabiziko etenaldia 13. minutuan iritsi da, eta norgehiagoka 10 minutu geroago berrabiarazi dute, zelaira botatako paperak erretiratu dituztenean. Alabaina, jokoa hasi eta ia berehala objektu gehiago bota dituzte Rayo Vallecanoren ate inguruan, eta epaileak aldagelara bidali ditu bi taldeak.
Orduan, Isi Palazon eta Oscar Valentin Rayoko kapitainak Bukanero taldeko zenbait kiderekin hitzegitera joan dira, eta bozgorailuetatik ohartarazi dute partida bertan behera utzi beharko zutela, berriro horrelakorik gertatuz gero. Bi taldeak zelaira bueltatu direnean, protestak ez dira bukatu, eta epaileak, azkenean, neurketa bertan behera uztea erabaki du.