Athleticek porrot mingarria jaso du Sevillaren aurka San Mamesen, Edin Terzicen debutean (1-3)
Osok, Ejukek eta Isaacek sartu dituzte Sevillaren golak, eta Paredesek lortu du etxekoena. Athletic hamar futbolarirekin aritu da hamargarren minututik, Yuriri txartel gorria atera baitiote, eta lehenengo eta hirugarren goletan huts egin du. Gerenabarrena hasierako hamaikakoan izan da, eta aurreneko aldiz jokatu du talde zuri-gorriarekin, baita Rinconek ere.
Jokaldi honetan sartu du Ejukek 0-2koa San Mamesen. Argazkia: EFE.
Athleticek 1-3 galdu du Sevillaren aurka, 2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligako bigarren jardunaldian, txapelketako bere lehen neurketan, San Mamesen, larunbat arratsaldean. Osok, Ejukek eta Isaac Romerok sartu dituzte Sevillaren golak, 15., 50. eta 57. minutuetan, eta Aitor Paredesek lortu du etxekoena, 70. minutuan. Athletic hamar jokalarirekin aritu da 10. minututik, Yuriri txartel gorria atera baitiote, eta lehenengo eta hirugarren goletan huts egin du. Beñat Gerenabarrena hasierako hamaikakoan izan da, eta aurreneko aldiz jokatu du talde zuri-gorriarekin, baita Hugo Rinconek ere.
Edin Terzicek aurreneko aldiz zuzendu du Athletic partida ofizial batean, eta, hasierako hamaikakoan, atzealdean, Areso jarri du eskuinean; Canales eta Gerenabarrena debutaria aukeratu ditu zelai erdirako; eta erasoan, ezkerrean, Berenguer kokatu du. Gerek berak egin du euskal taldearen aurreneko jaurtiketa, 4. minutuan, area ertzetik.
10. minutuan, Cesar Soto epaileak Yuri kanporatu du, txartel gorria zuzenean aterata. Zarauztarrak Sierra bultzatu du, areatik oso gertu, azken gizona zela, eta Athletic hamar jokalarirekin gelditu da. Jokaldiak zalantza asko ekarri dizkio Athletici; handik gutxira, 15. minutuan, Sevillak 0-1ekoa sartu du. Unai Simonek ez du asmatu baloia taldekide bati ematen saiatu denean, eta Osok gola egin du.
Terzicek Berenguer ipini du atzealdeko ezker hegalean, Yuri kanporatu ostean. Bizkaiko taldea, neurketako hasieran izan dituen oztopoak gorabehera, baloia mugitzen eta gora egiten ahalegindu da. Canalesek, ordu erdia igarota, gertu izan du berdinketa, eta Iñaki Williamsek abagune ona izan du 41. minutuan. Guruzetak, boleaz, jaurtiketa ona egin du. Atzealdean, Athletic ez da eroso ibili, eta Sevillak, erasoan, zuloak topatu ditu eta arriskua sortu du. Hala amaitu da lehen zatia, Sevilla 0-1 aurretik zihoala eta Athleticek hamar jokalari zituela.
Luis Garcia Plaza Sevillako entrenatzaileak Ejuke, Guillen eta Isaac zelairatu ditu bigarren zatirako. Erabaki horrek emaitza ona eman dio Alaveseko entrenatzaile ohiari; izan ere, 50. minutuan, Ejukek 0-2koa sartu du kontraeraso batean. Horrela, partida oso aldapan gora jarri zaio Athletici, amaitzeko asko falta bazen ere.
56. minutuan, Isaac Romerok 0-3koa sartu du. Athleticek berriro huts egin du atzealdean, Aresok ez baitu asmatu baloia ateratzen. Jokaldi horren ostean, Nico Williams, Maroan eta Laporte berdegunera irten dira. 70. minutuan, korner batean, Yerayk oso ondo eman dio, buruz, Aitor Paredesi, eta arrigorriagarrak, bigarren zutoinean, 1-3koa lortu du. Erdiko atzelariak egin du Athleticen lehen gola denboraldi honetan.
Hortik aurrera, Terzicen gizonak bigarrena egiten saiatu dira, puntu bat lortzeko aukeraren bat izateko, baina alferrik izan da, eta Athleticek galdu egin du 2026-2027 denboraldiko lehenengo norgehiagoka.