Athleticek bana egin du Celtarekin, aurtengo Ligan San Mamesen jokatu duen azken partidan
Swedbergek galiziarrak aurreratu ditu lehen zatian eta Iñaki Williamsek, berriz, berdinketa egin du bigarrenean. Valverderen eta Lekueren azken partida izan da Katedralean.
Athletic Clubek eta Celtak bana egin dute San Mamesen, EA Sports Ligako 37. jardunaldiko partidan. Celtaren gola Williot Swedbergek sartu du lehen zatian eta Athleticena Iñaki Williamsek, bigarrenean. Aurtengo denboraldiko azken norgehiagoka izan da San Mamesen.
Celtaren gola partida hasi eta berahal iritsi da, laugarren minutuan, aurrea hartu Ilaix Moribak Mikel Jauregizarri baloia lapurtu ostean. Gineako nazioarteko jokalariak pase azkarra eman dio Swedbergi eta suediarrak baloia Simonen atean sartu du, jaurtiketa gurutzatu baten bidez.
Bilbotarren gola bigarren zatian izan da, 52. minutuan. Iñaki Williamsek banakoa egin du Yuriren erdiraketa errematatuz, Ruiz de Galarretak hasitako erasoko jokaldian.
Beraz, puntu bana Athletic eta Celtarentzat San Mamesen. Lehoiak agur esan diete behin betiko Europan jokatzeko zituten aukera apurrei.