Agirrezabalak Valentzian jokatuko du datorren denboraldian, utzita
Athleticek baieztatu du Julen Agirrezabala atezainak Valentzian jokatuko duela 2025-2026 denboraldian, utzita.
Klub zuri-gorriak ohar baten bidez azaldu duenez, Bilboko klubak "konpentsazio ekonomikoa" jasoko du lagapenagatik, "baita errendimenduagatiko zenbateko aldakorrak eta parte ez hartzeagatiko zigorrak ere".
Halaber, zehaztu du Valentziak atezain donostiarra erosteko aukera izango duela denboraldiaren amaieran.
Agirrezabalak 24 urte ditu, eta 2027ko ekainaren 30era arte dauka kontratua Athleticekin.
Atezaina bart iritsi da Valentziara, eta sare sozialen bidez egin diote ongietorria.
Alex Padilla Pumasetik itzuliko da
Agirrezabala badoala publiko egin eta ordu batzuetara, Athleticek iragarri du Alex Padilla Mexiko Pumas taldetik Bilbora itzuliko dela, lagapena bertan behera uzteko etete-klausula ordaindu eta gero.
Horrenbestez, Unai Simon eta Padilla izango dira Athleticeko atezainak abuztuan hasiko den 2025-2026 denboraldian.
Padillak 2029ko ekainaren 30era arte dauka kontratua klub zuri-gorriarekin. Iaz, 5 partida jokatu zituen Ernesto Valverderen esanetara, eta, ondoren, urtarrilean, Pumasera joan zen, utzita. 18 norgehiagoka ofizial jokatu ditu han.